Izadi Zaleak eta Atzegi elkarrekin igandean, Otañura igotzeko
Bi ibilbide prestatu dituzte mendizale legazpiarrek, Atzegi Mendian taldeko kideekin egiteko.
Legazpiko Izadi Zaleak mendi elkartearen hurrengo irteera berezia izango da, Atzegi elkartearekin elkarlanean antolatu duelako. Igande honetan izango da, hilak 17, eta helmuga, Otañu mendia eta inguruak. Bi ibilbide prestatu dituzte, bata helduentzat eta bestea gaztetxoentzat.
Helduen ibilbidea elkartetik abiatuko da, eta hilerrirako bidea hartu, Errege Bidea zeharkatu eta Aizelekura zuzen igoko dute, hasteko. Ondoren, Aztiriara jaitsiko dira, eta bertan elkartuko dira partaide guztiak, oinez joan direnak batetik, autotan joan direnak bestetik, eta azkenik, autobusez iritsiko diren Atzegiko lagunak. Aztiriatik, Zabarainerantz joko dute Otaño gailurrera igotzeko, eta han, “Euskal Herriko panoramikarik ikusgarrienetakoaz gozatzeko aukera” izango dute, besteak beste Aizkorriko eta Aralarko mendilerroak ikusiz.
Otañotik, Larrosain ingurura jaitsiko dira, eta han Atzegiko taldeak banatu egingo dira: “Ibilbide errazak pistatik Oakororsorantz jarraituko du, eta mendizale ausartenek, aldiz, hainbat gailur belartsu lotuko dituzte, hala nola Oamendi, Arripillata, Arranoaitz, Ormakiogaña edo Elortxiki edo Elortxuri, norberak aukeran, Aizkorriren behatokirik onenetakoa baita”.
Bi taldeak Seigarren Putzuan elkartuko dira gero, eta pistan behera jarraituko dute, Antsumaitz erreka zeharkatu arte. Handik gutxira, trenbidearen paretik ia, Brinkolara iritsiko dira, ibilbidea amaituz.
Ibilbide motzak 11 kilometro ditu, eta 350 metroko igoera, eta luzeak 13 kilometroko luzera eta 500 metroko igoera. Legazpitik Aztiriara oinez joaten direnek guztira 20 kilometro egingo dituzte, eta 900 metro igo.
Autoz, autobusez edo oinez
Antolatzaileek adierazi dutenez, Aztiriara autoz joaten direnek “ez dute kezkarik izan behar haien ibilgailuak berreskuratzeko”, Brinkolatik Aztiriara joateko kotxea izango delako. Bestalde, eguraldi ona egiten badu, Atzegi Mendian taldeko autobusek Mirandaolako parkera eramango dituzte mendizaleak, han bokatak jateko. Eguraldi txarra izanez gero, autobusa Legazpiko erdigunera joango da, eta eliza eta merkatuaren arkupetan babesean jateko aukera izango dute.
Legazpiarrak Legazpiraino oinez jarrai dezakete Brinkolatik, edo trenez itzuli.
Eguraldi txarra izanez gero, ibilbidea aldatuko da. Lehen zatia berdina izango da, baina Otañutik Saloitara jaitsi ondoren, eskuinera joko dute Bergaretxerantz jaisteko, eta trenbidearen azpitik pasa ondoren, Telleriarte auzora iritsiko dira, eta gero Mirandaolako parkera, handik Legazpira autobusez itzultzeko
“Joserraren omenez”
Atzegiko kideek eskarmentu handia dute mendi ibilaldietan, eta Atzegi Mendian blogean jasotzen dituzte horien kronikak. Izadi Zaleak elkarteko kideak urteak zeramatzaten Atzegiren mendi talde horren arduradunetako bat zen Joserrarekin harremanetan, irteera bat elkarlanean prestatzeko gogoz, baina “zoritxarrez, ustekabean utzi gintuen”, eta Legazpiko ibilbide hau “omenaldi txiki bat izango da”.