Xabier Zeberio laukoteak 'Pause' egingo du Legazpin igandean
Azaroan Musika zikloaren barruan kokatzen da emanaldia. Latxartegi aretoan izango da, 12:30ean.
Xabier Zeberio Etxetxipia tolosarra da Azaroan Musika zikloko hurrengo gonbidatua. Hiru musikariz lagunduta, igandeko 12:30ean Pause izeneko ikuskizuna eskainiko du Latxartegi aretoan, 12:30ean. Sarrera doan izango da.
Zeberiorekin batera, pianoa eta teklatuak jotzen dituen Iñar Sastre, celloa jotzen duen Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’, eta elektronika eta soinu diseinuaz arduratzen den Aitor Etxebarria igoko dira taulara. Zeberiok, berriz, lanaren konposizioa egin du, eta harizko instrumentuak joko ditu.
Pause, ibilbide luzeko musikari honen azken diskoa da, eta bere lanik pertsonalena. “Intimista, pausatua eta barea, sakona eta era berean lebitatzailea, emozioen ertzak kilimatu eta leuntzen dituen lan biribila” da.
Xabier Zeberio musika ikasketak amaitu ondoren, 1997an Euskadiko Gazte Orkestran eta Oskorri taldean sartu zen, eta 1999an Alos Quartet taldea sortu zuen Pello Ramirezekin eta Francisco Herrerorekin batera. Musikari gisa 160 grabaketa baino gehiagotan parte hartu du eta artista ezagun eta handi ugarirekin lan egin du, tartean Legazpiko Elustondo anai-arrebekin. Arreglista moduan ere lan egin du, eremu askotako artistekin, baita musika konposatu ere hainbat dantza ikuskizun, dokumental eta antzerki obratarako. Zinema eta telebista munduan, soinu banda ugariren grabaketetan ere parte hartu.
Sei disko kaleratu ditu konposizio originalekin, Alos Quartet taldearen babesean. Legazpin igandean aurkeztuko duena zazpigarrena bada ere, bere izenean datorren lehena da.