Joxepane Herri Ostatuaren 30. urteurreneko ospakizunak hasi dira
Orain hiru hamarkada sortu zuen Zaldibiako ezker abertzaleak Joxepane Herri Ostatua, plazan dagoen Albitsu etxearen zati bat erosiz eta auzolanean eraikiz. Ekitaldia egin dute eguerdian, datozen egunetarako prestatuta duten egitarauari hasiera emanez.
Adarraren soinua, Iztueta dantza taldekoen agurra Txanbolintero txistularien laguntzaz, plazetan aritzen ez diren herritarren bertsoak, Aitor Irastortzak Ingalaterratik bidalitako bi bertsoren kantatze bateratua, hitzartze politikoa eta taldeko argazkia. Horrelaxe eman diote hasiera gaur eguerdian Xirika elkarteak Joxepane Herri Ostatuaren 30. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldiei.
Eguerdian bazkaria izango dute ostatuan bertan 70 bat lagunek, eta Iker Zubeldia eta Xabat Illarregirekin, eta 19:00etan Polekeleke elektro-txaranga dituzte.
Atzodanik eta hilaren 24ra bitartean argazki erakusketa izango da ikusgai Joxepanen bertan. Azaroaren 20an Neskatoak dokumentala eta Jon Abril egilearekin solasaldia (18:30), 27an herri hezitzaileen ipuin kontaketa kultur etxean, eta 29an azken ostiraleko bilkura eta gaztaina jana egingo dituzte.