Hasi da Emakumezkoen I. Ordizia Hiria saria
Emakumezkoen I. Ordizia Hiria larruzko pala txapelketa ostiralean hasi zen. Jendearen "erantzuna ona" izan zen, "bertaratutakoek emakumeen ahalmenaz gozatu zuten eta amaierarako jokaldi dezente ikusteko aukera izan zen, indarrezko pilotakadez eta aire joko azkarrez gain".
Emakumezkoen I. Ordizia Hiria larruzko pala txapelketa ostiralean hasi zen. Jendearen “erantzuna ona” izan zen, “bertaratutakoek emakumeen ahalmenaz gozatu zuten eta amaierarako jokaldi dezente ikusteko aukera izan zen, indarrezko pilotakadez eta aire joko azkarrez gain”.
Aroa Torres (Gasteiz)-Irati Alaba (Gasteiz) eta Garbiñe Lopez (Legutio)-Amaia Irazustabarrena(Hernani) bikoteen aurkakoa izan zen lehen partida. Hasiera “zalantzaz betea” izan zen baina segituan “berotu” ziren pilotariak eta “Aroa gasteiztarraren erritmo biziak markatu zuen jokoa. Aurrealdeko jokaldietan Garbiñek ondo erantzun zion defentsa lanean Amaia Irazustabarrenak lagunduta. Atzean aldiz Amaia bera izan zen nagusi pilota ondo atzeratu eta gurutzatuz, Iratiren pilotakada indartsuak medio. Horrek markagailu estua izatera eraman zuen 28-26-ra arte. Amaiak aurrera pausua eman eta izaera irabazle berezi hori erakutsiz jokoaren ardura hartu zuen eta garaipenera bideratu azken 35-29-ra arte”.
Bigarren partida Naroa Otxoa(Etxarri)-Garazi Eizmendi(Aia) eta Nahia Eizmendi(Aia)-Nagore Murua (Altzo) bikoteen artekoa izan zen. “Eizmendi ahizpen arteko norgehiagokak ikusmin handia sortu zuen. Atzokoan Nahia ahizpa gazteak dirdira berezia erakutsiz lortu zuen garaipena. Harritzekoa bada ere partidurik piloteatuenak izan zuen emaitzarik desberdinena. Nahia eta Nagoreren bikoak joko sendo asko erakutsi zuen Ordiziako Beti alai pilotalekuan eta beldurra sorrarazteko moduko bikoa direla erakutsi zieten aurkariei. Parean izan zen Garazi Eizmendiren jotzeko ahala, defentsa lanarekin neutralizatuz eta Naroa Otxoaren jokaldi saiakeren intzidentziak murriztuz”.
Ostiraleko azken partida Amaia Zubeltzu (Usurbil)-Leire Galdos (Oiartzun) eta Amaia Aizpuru(Azkoitia)-Uxue Olanoren (Altzo) artekoa izan zen.
“Hondar tantoan markagailua irauli zuten Leire Galdosek eta Amaia Zubeltzuk, ez etsitzearen garrantzia erakutsi zuten. Hasiera parez pare izan zen arren, Uxue Olanoren ezker ederrak markagailuan abantaila hartzera eraman zituen berak eta Amaia Aizpuruk osatzen duten bikoa. Uxueren ahalarekin lagunduta Aizpuruk ere une gozoak izan zituen aurre aldean. Aldiz partidari eusten ari izan ziren Leire eta Zubeltzuk 29-21-eko markagailuari kostantziarekin eustea bazegoela sinistuta jarraitu zuten. Leireren gorakada etorri zen orduan eta haize erauntsiak bezala pilotakada indartsu eta sake zorrotzek berdinketara bideratu zuten partida. Zubeltzuk eskuinarekin mina egiten jarraitu zuen atzerantz luzatuz eta azken hatsean partidua beraien alde jarri zuten, 35-34 bukatu zelarik.
Pilotariak txaloz agurtu zituzten bertaratutakoek, zapore gozoarekin geldituz”.
Larunbatean
Larunbatean partida bakarra jokatu zen, Enara Mazizior(Hernani)– Ekhine Balerdi (Usurbil) eta Anne Agirre (Alegia)–Ane Kerejeta (Hernani) bikoteen artekoa. “Hala ere aurre egiteko prest zeuden Anne Agirre Alegiarra eta Ane Kerejeta Hernaniar Gipuzkoako gomazko txapeldun berria. Honek partida hasera ederra eskaini zuen pilotakada luzeekin partida gogortuz. Enararen aurreko jokoak ordea gutxinaka tartea irekitzea lortu zuen eta barruan duen txispak abantaila eman zien partida erdira iristerako. Alternatiba bila hasi zen biko urdina, eta Agirreren zuzperraldi batekin gauzak estutzeko gai zirela erakutsi zuten, partidan berriro sartuz. Atzetik gauzak paretsu zebiltzan eta Ekhinek zein Kerejetak merituzko defentsako pilotakadak eman zituzten. Azken txanpan sarturik, urdinen lehen erreakzioak markagailua gerturatzea lortu zuen arren, berriro ere Ekhine eta batez ere Enararen jokoak gorrien bigarren tanto ilara ekarri eta partida ixtea lortu zuten azken 35-28 ko emaitzarekin”.