Hondakin murrizketa helburu
Ordiziako Udalak bat egin du Europako Hondakinen Murrizketa astearekin.
Europako Hondakinen Murrizketa astearekin bat egin du Ordiziako Udalak, «ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko» helburuarekin. Horrekin batera, herrian egiten ari diren jardueren eta emaitzen berri emateko ere baliatu nahi izan dute prentsa agerraldia.
Sasieta Mankomunitateko datuen arabera, Ordiziako gaikako bilketa tasa %76koa da eta gainerako %24, errefusara joaten da. Hain zuzen ere, Maitane Alvarez zinegotziak errefusaren datuan jarri du arreta. «Helburua errefusa gutxitzea denez, gaikako bilketa handitzeko hainbat ekimen antolatu dira».
Horietako bat, Oria ibaia eta Mariarats errekaren garbiketa da: bi astetan 1.900 kilo inguru hondakin atera dituzte, horietatik 950 zen errefusa.
Auzokonpostaz bilerak asteazkenean
Bestetik, udalak auzokonpostaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du, «materia organikoaren zikloa ixten delako, lurretik ateratako elikagaiak lurrari itzuliz». Honela, Eskarabillako, Araba eta Bilordi parkeetako konposguneak berritu dituzte eta udalak Sasietarekin elkarlanean konposta egiteko sistema berria jarriko du martxan. Sistema berriaren xehetasunak emateko, asteazkenean, informazio bilerak egingo dituzte bizilagunekin konposgunean bertan; Eskarabillan 17:00etan, Araba parkean (17:30ean) eta Bilordi parkean 18:00etan.
Garbi jokatu kanpaina
Azkenik, Sasieta Mankomunitateak abiarazitako Garbi jokatu kanpainarekin ere bat egin du udalak. Hainbat edukiontzi puntuetan kartel bereziak jarri dituzte, herritarren arreta pizteko eta «ahal den neurrian, hondakinez betetako poltsak lurrean uztea eta etxeko tresna handiak ateratzeko ezarritako egutegia ez errespetatzea saihesteko». Diptikoak ere banatuko dituzte.