Izadi Zaleak eta Atzegi bat eginda Otañu mendian
Bi elkarteek mendi irteera egin zuten atzo, 86 mendizale batuta. Mirandaolan amaitu zuten txangoa, eta Mari Domingi eta Olentzero ikusi zituzten bertan. Kirola Elkarrekin topaketaren hurrengo edizioan elkartuko dira berriz, Legazpin.
Legazpiko Izadi Zaleak mendi elkarteak Atzegiko kideekin batera egin zuen bere azken irteera atzo goizean. Legazpiarrekin batera, Irundik, Errenteriatik, Pasaiatik, Donostiatik, Ordiziatik, Ormaiztegitik, Tolosatik, Ozaetatik eta Hernanitik iritsitako mendizaleek parte hartu zuten, 86 guztira.
Hasiera batean prestatutako ibilbidea aldatu egin zuten, eta azkenean Aztiriatik Otañura igo, handik jaitsi eta Bergaretxe, Telleriartetik barrena Mirandaolara joan ziren, bertan Olentzero eta Mari Domingirekin topo eginez. Mirandaolan bazkaldu eta gero, Legazpiko plazaraino jaitsi ziren batzuk, kafea hartuz txangoari amaiera emateko.
Aspaldikoa da Izadi Zaleak eta Atzegiren arteko elkarlana, Legazpiko mendizaleek urtero parte hartzen dutelako Gipuzkoako elkarteak Legazpin ospatzen duen Kirola Elkarrekin festan. Datorren urteko edizioari begira jarrita daude dagoneko bi elkarteak.