Oiangu baserria birgaitu eta aterpetxea egiteko proiektua martxan da
Next Generation diru-laguntza funtsaren barruan Ordizian egingo den "bigarren obra handia" izango da, "dagoeneko martxan dauden plazako lanen ondoren". Lanek 1.650.000 euroko aurrekontua (BEZ barne) izango dute.
Ordiziako Oianguko baserria birgaitu eta bertan aterpetxea egiteko lanen proiektua lizitaziora atera da. Ordiziako Udalaren esanetan, Next Generation diru-laguntza funtsaren barruan Ordizian egingo den “bigarren obra handia” izango da, “dagoeneko martxan dauden plazako lanen ondoren”. Lanek 1.650.000 euroko aurrekontua (BEZ barne) izango dute.
Barruko aldea eta kanpoko aldea
Birgaitze lanak bi zatitan banatuko dira. Batetik, “Oiangu baserrian egingo dira konpontze eta birgaitze lanak, aterpetxe funtzioa bete dezan. Igogailua jarriko da eta lehen solairuan logela berriak egokituko dira. Energia aldetik ere eraikin jasangarria izango da; horretarako, flaka fotoboltaikoak instalatuko dira eta baita biomasa galdara berria ere”.
Bestetik, baserriaren kanpoaldeko eraikina, “garai bateko golf zelairako pentsatutakoa, birgaituko da. Bertan, balio anitzeko gela bat egokituko da, eta baita parkeko ekintzetara bideratutako beste gela bat ere”.
Proiektua lizitaziora atera eta gero, enpresek hilaren 21era arteko epea izango dute proiektuak aurkezteko. Behin obra esleitutakoan, 9 hilabeteko epea izango dute lanak bukatzeko.