Doinua musika eskolako ikasleek kalejira egingo dute bihar, Santa Zezilia ospatzeko
Larunbatean urteroko kontzertua egingo dute Urbeltzen herriko musika talde handiek.
Legazpiko musikari gaztetxoenak kalera aterako dira bihar Santa Zezilia eguna ospatzera. Urtero bezala, Doinua Musika Eskolako ikasleek herritar guztiekin partekatuko dute ospakizun hori, kalejirak eta festa bat eginez.
Trikitilariek egingo dute kalejiretako bat, 18:00etan Bikuñatik aterata. Bigarren kalejira Banda Txikiak egingo du, ordu berean eskolatik aterata. Musikari guztiak plazan elkartuko dira, 18:20ean, eta han abesti bat jo eta dantza egingo dute guztiek. Txokolate-merienda hasiko da ondoren. Bitartean fanfarrekoak herriko erdialdea girotuko dute.
Santa Zezilia kontzertua
Santa Zeziliaren omenezko festak larunbatean izango du segida, herriko musika talde nagusiek egingo duten kontzertuarekin. Urbeltz pilotalekuan izango da kontzertua, 19:00etan, eta bertan elkartuko dira Goiz Deia txistulari banda, Alaitasuna errondaila, Santikutz abesbatza eta Legazpi Musika Banda. Hurrenkera horretan bertan joko dute musikariek, hainbat kolaboratzailez lagunduta. Iker Azpeitia izango da txistulariak gidatzen, Eli Gordoa errondailaren buru jarriko da, Marian Lasa abesbatzaren aurrean, eta Jesus Castillejok banda zuzenduko du.
Sarrerak agortuta daude.