Miren Etxezarretari aitortza
Ordiziako Barrena kultur etxeko areto nagusia jendez beteta da, Miren Etxezarreta Zubizarreta ekonomialari ordiziarrari aitortza egiteko eta Mirenetxezarreta.eus plataforma aurkezteko.
Ordiziako Barrena kultur etxeko areto nagusia jendez beteta da, Miren Etxezarreta Zubizarreta ekonomialari ordiziarrari aitortza egiteko eta Mirenetxezarreta.eus plataforma aurkezteko. 2022an Ordiziako Udalari 10 urterako dohaintzan eman zion ekonomialari ordiziarrak bere ibilbide oparoan ekonomia kritikoaren sortu duen funtsa. Gaur, emaitza ikusi da Barrenan, Etxezarretaren lanak sailkatu, digitalizatu eta webgune batean jarri baitira herritarren eskura. Dokumentu originalak ere, udal artxibategian gordeko dira.
Adur Ezenarro alkateak sarrerak hitzaldian adierazi duenez, “zein ederra den hainbeste jende ikustea hemen, hainbeste ordiziar topatzea, hainbeste aurpegi ezagun topatzea, herrikide dugun Miren Etxezarretari merezi duen aitortza egiteko. Gaur guri ez dagokigu eskerrak ematea baino”.
Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie alkateak, Etxezarretaren funtsa “Ordiziara ekartzeko isilpeko lan eraginkorra egin duten, Biziola, Olatukoop eta ekonomia sozial eraldatzailearen unibertso zabal horretan lanean zabiltzaten taldeari”. Eta nola ez, “mila esker baita ere, “Ereinteneko lan taldeari, batez ere Zuriñe De la Cueva Aiestarani, gaur aurkeztuko dugun lan izugarri hau maitasun eta mimorik handienarekin burutzeagatik”.
Aitortza
Baina bereziki esker berezia eman dio Etxezarretari, “ibilbide oparo eta emankor baten lan eskerga gorde, zaindu eta zabaltzeko Ordizia zure jaioterria” aukeratzeagatik. “Gogoan dut oraindik lehenengo aldiz funtsa lagapenari buruz hitz egiteko bildu ginenean, guk garbi adierazi genuela ezinbestekoa zela zuk baldintzak jartzea. Ezin ginela gordailu bat izatera mugatu eta zure lanak fruitu berriak ernatzeko hazia izan behar zuela eta hazi hori ezagutaraztea eta barreiatzea izan behar zela gure erantzukizuna”.
Izan ere, Ezenarroren esanetan, “Ordiziak zor dio Mireni berari, eta bere lanari, ziurrenik urte luze hauetan eskaini ez dion aitortza. Baina Ordiziak ere bere buruari zor dio Mirenen lana inspirazio iturri hartzea. Ordiziak inoiz baino gehiago behar duelako belaunaldi berriek benetan erreferenteak diren ordiziarrak ezagutzea eta batez ere erreferenteak diren emakumeak ezagutzea. Eta Ordiziak ere zor dio bere buruari, baldin eta etorkizuneko erronkei aurre egin nahi baldin badie, kapitalak erabat menderatutako ekonomiatik aldenduko diren eredu berriei bidea zabaltzea”.
Lehenengo urratsa
Hala ere, hasiera besterik ez da orain artekoa: “Mirenekin adostutako bidearen lehen urratsa, baina ez azkena. Ordiziari laga zaion lanaren antolaketa, katalogazioa, digitalizazioa eta modu irisgarrian denon eskura jartzea, aurrerantzean jakituria horretatik fruitu berriak ernarazteko”.
Etxezarreta, oso hunkituta
Miren Etxezarreta “oso-oso hunkituta” zegoen gaur goizean, Ordiziako Udalaren “ekimenarekin eta eskuzabaltasunarekin”. Ordiziar ekonomialariaren esanetan, “niretzat oso garrantzitsua da nire herrian, jaio eta nire bizitzaren zati handi bat bizi izan dudan herrian, nire lanari espazio bat eskaintzea. Nik inoiz espero ez nuen zerbait da. Hau da, nire udalerrian dagoen leku bat, bertan gorde eta jendearen eskura egon daitezen, nire bizitza profesional osoan zehar egin dudan lan guztia”.
Aurrera begirako asmoak
Aurrera begirako asmoen artean alkateak aurreratu duenez, “asmoa da, datorren urtetik aurrera, beka formatu bat sustatzea funts hautatik ikerketa bultzatzeko. Mirenek esaten du, ikerketa akademikotik haratago nahiko lukeela izatea, nolabaiteko kasu praktikoen azterketa bat. Ekonomia ikuspegitik azterketa bat baina balio izan dezakeena kasu praktiko horiek leku gehiagotara zabaltzea. Bekaren oinarriak Mirenekin adostuko ditugu”.
Biziolatik
Biziolako Andoni Mikelarenak azaldu du Miren Etxezarretarekin egindako bidea: “Bestelako eredu ekonomiko batzuk bultzatzeko logika horretan sare bat jarri genuen martxan eta aukera sortu zen Mirenekin beste arlo batzuetatik geneukan harremanaren harira, berak ekonomia kritikoaren inguruan egindako ikerketa eta lan guzti hori eskualdera ekartzeko, artxiboa antolatzeko. Baina ez gela itxi batean gera zedin artxiboa sortzeko, baizik eta artxibo horretatik abiatuta, ikerketa eta proiektu berriak bultzatzeko aukera emango zuena”.
Ekonomia kritiko horren pentsaera gorpuzten duen edo errealitate praktiko bihurtzen duen eredu bat Biziola izan daiteke Mikelarenaren esanetan. Baina, “bada helburu bat, Mirenetxezarreta.eus artxiboa bihurtzea hurrengo urtetik aurrera beka bat ikerketarako, ekonomia kritikoko proiektuak sortzeko”.