Zabor bilketa puntuak modu egokian erabiltzeko eskatu du Legazpiko Udalak
Hondakinak birziklatzeko guneetan zaborrak uztea erregulatzen duen araudia dagoela gogoratu die herritarrei.
Aurreko astean hondakinak biltzeko hainbat gunetan «irregulartasunak» antzeman eta gero, udalak salatu egin ditu «gizalegearen kontrako jokabide horiek». Horrelako ekintzek «udalerria zikintzen dute eta salagarriak dira», hondakinak birziklatzeko guneetan zaborrak uztea erregulatzen duen araudiaren arabera.
Araudi horretan azaltzen denez, ostegunetan, 21:00etatik aurrera, tamaina handiko tresnak utz daitezke bilketa guneetan, baina «guztiz debekatuta dago bestelako hondakin birziklagarriak lurrean uztea, horretarako edukiontziak baitaude». Herritarrei eskatu die «araua betetzen ez dela ikusten dutenean Udaltzaingoari abisatzeko, behar diren neurriak har ditzaten».
Gogoan izatekoak
Bestalde, gogorarazi du «nahitaezkoa» dela hondakinak bereiztea eta dagokien edukiontzian uztea, eta debekatuta dagoela zabor poltsak lurrean uztea.
Hondakin organikoak edukiontzi marroian utzi behar direla ere gogoratu du, «beti poltsa konpostagarriak erabiliz, inoiz ere ez plastikozkoak». Poltsa konpostagarriak Gizarte Etxeko eta Laubideko makinetan jaso daitezke, doan, edukiontzi marroi eta griserako txartelarekin. lTM