Amaitu dira Ander Deunaren jaiak
Denetarako eman du azkeneko asteburuak. Giro ederrean amaitu dituzte ormaiztegiarrek Ander Deunaren jaiak. Zaldibiako Beko Karnizeriarentzat izan da aurten odolki lehiaketako sari nagusia.
Astelehena beste inon baino astelehenago izango da gaur, seguru aski, Ormaiztegin. Bi astebururen ondotik, amaitu dira Ander Deunaren jaiak. Jaso dituzte elegante trajeak eta kendu mozorro koloretsuak, hurrengo urtera arte. Atzo, tradizio denez, odolkia janez eta Benta Zaharreko Mutiko Alaiakekin kantuan agurtu zituzten ormaiztegiarrek jaiak; aurten, odolkiaren igoera eta guzti.
Ikusmira zegoen aurten Ormaiztegiko 37. odolki lehiaketa zeinek irabaziko. Sorpresa eman zuen, azkenean, Zaldibiako Beko Karnizeria harategiak aurkeztutako 11 odolkiren artean, lehenengo saria eskuratuta. Bigarren egin zuen Ormaiztegiko Muruak eta hirugarren, Beasaingo Jose Manuel Olanok. Sorpresarik ez, aitzitik, odolki osagaien 22. lehiaketan. Azken urte luzetan bezalatsu, Mutiloako Juanita Murgiondo eta Maria Jesus Oriaren artean banatu zituzten sariak: porru, oregano eta perrexil onenarena lehenengoarentzat, eta postu eta tipula onenarena, bigarrenarentzat. Herritarrei zuzendutako plateren 22. sukaldaritza lehiaketako Juan Jose Lapitz saria Jesus Lermarentzat izan da aurten.
Gastronomia azoka eta bertako artisauen azokaren testuinguruan egin zituzten lehiaketak, atzo. Jende ugari bertaratu zen. Guztira, 20 postu jarri zituzten, horietatik sei Ormaiztegikoak. Martin Callejoren omenezko 5. ardo dastaketa ere egin zuten. 10 ardo dastatzeko aukera egon zen: lau beltz, lau zuri eta bi cava. Antolatzaileek diotenez «jendetza» ibili zen eta «giro onean» ospatu zuten igande goiza odolki eta babarrun pintxoekin batera. Goizean zehar egindako txerrikumearen zozketako irabazlea ere jakinarazi zuten eguerdian: Ramon Abasolo, ormaiztegiarra.
Larunbat koloretsua
Larunbatekoa izan zen, dena den, jaietako egun handia, San Andres; aurten mozorrotuen egunarekin batera ospatu dutena. Zumalakarregi museoko Mikel Alberdik eta Lourdes Azpiazuk eta Pedro Jaka herritarrak jaso zuten herriaren esker oneko oroigarria; kulturaren alorrean herriari egindako ekarpena aitortzeko. San Andres egunean ohitura denez, hamaiketakoa eskaini zuen udalak, Barduliarrak elkartekoekin batera: salda, txorizoa eta odolkia.
Kolorez jantzi zen, bide batez, Ormaiztegi larunbatean. Ormaiztegiarrek mozorroetan ez dutela parekorik erakutsi zuten, beste behin. Mozorro lehiaketan hainbat izan ziren sarituak; familien atalean Gure Zirkuarentzat izan zen giro onenaren saria eta Autotxokeakentzat mozorro onenarena. 12 eta 16 urte atalean Formula 1 —giro onena— eta Ninfak —mozorro onena— eta helduetan, Gure atxuak —giro onena— eta Merry Christmas —mozorro onena—.
Aipatzekoa da baita ere, ostiral iluntzeko helduen danborrada. Bi konpainiatan banatuta, 110 bat ormaiztegiarrek hartu zuten parte aurten; «iaz baino gehiagok» antolatzaileen hitzetan. Musikarekin eman zioten hasiera bigarren asteburuari ostiralean eta musikaz agurtu zituzten igandean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiekin kantuan. Festak amaitu dira, baina egitarauaren baitan, eta Euskararen egunarekin bat eginez, Segurako Xirikara antzerki taldearen Zopa antzezlana izango da bihar, 19:30ean Karramarro aretoan.
Argazkiak: Angel Elorza eta Laida Goiburu.