San Andres eguna: mozorroak, omenaldia eta odolki jana
San Andres eguna eta mozorro eguna da gaur Ormaiztegin. Eliza inguruan elkartu dira herritarrak eguraldi ona aprobetxatuta, odolki eta saldarekin. Lourdes Azpiazu, Mikel Alberdi eta Pedro Jaka omendu ditu udalak.
Eguraldi onarekin ari dira ormaiztegiarrak San Andres festetako egun handia ospatzen. Aurreko asteburuan hasi ziren Ander Deunaren jaiak, eta atzo ekin zioten bigarren asteburuari, helduen danborradarekin, besteak beste. Gaur, txistularien kalejirak alaitu ditu kaleak goizean, eta eguerdian, eliza inguruan elkartu dira herritarrak, mozorrotuta batzuk, kaleko jantziekin beste batzuk.
Hamaiketakoa prestatu du Ormaiztegiko Udalak Barduliarrak elkartearen laguntzarekin: odolkia, salda eta txorizoa dastatzeko aukera izan dute herritarrek, baita ardoa edota sagardoa ere. Ilarak sortu dira jana eta edana hartzeko. Bitartean, musikarekin, mozorrotutako kuadrilak inguratzen hasi dira bertara. Gure Zirkua, eskiatzaileak, Imsersorekin Benidormera oporretan doazenak, Formula 1eko pilotuak, moja txirrindulariak… mozorro ezberdinak ikusi ahal izan dira. Jun Da Jo txarangaren musika eta kuadrillek bafleetan zituzten abestiak uztartzen joan dira festa giroa sortzeko.
Eguerdia pasata, eliza atarian mikrofonoa hartuta jakinarazi du Jon Enrike Galarza alkateak eskertza ekitaldia hasiko zela. Lourdes Azpiazu, Mikel Alberdi eta Pedro Jakari egin diete omenaldia, urtez urte herriko kultur jardueretan egindako lanagatik. Herriaren alde egindakoa eskertu eta oroigarri bana eman diete.
Mozorrotuen bazkariarako 445 pertsona elkartu dira Zubipe kiroldegian. Iluntzean kuadrillen jaitsiera izango da, eta gaua amaitzeko, Emaion erromeria taldearen kontzertua.
Bihar, odolki eguna
Bihar jaien azken eguna izango da eta odolki izango da protagonista Ormaiztegin. Azoka gastronomikoa eta artisautza azoka (09:30-14:30), txikienentzako Txiki txef sukaldaritza tailerrak (11:00-13:00), Odolki, odolki osagaien eta plateren lehiaketak (11:00-14:00) eta ardo dastaketa (12:00) egingo dira. Jarraian, lehiaketetako sariak banatuko dituzte (12:30), eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen kantujirarekin bukatuko dira aurtengo Ander Deunaren jaiak.