Ibar-basoa leheneratzeko lanak egin dituzte Beasainen
Erauzketa, garbiketa eta landaketa lanak egin ditu udalak, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean.
Beasaingo erreken eta ibaien ibar-basoa leheneratzeko garbiketa lanak egin eta landaketak egin ditu Beasaingo Udalak, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean. Gainera, landare inbaditzaileen erauzketa egin da. Proiektu honen helburu nagusia da, «Beasaingo erreken biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea eta berezko habitata lehenestea». Oraingoan, J.M. Iturriotz kalearen parean egin dituzte lanak.
Erauzketa, garbiketa eta landaketa
Landare inbaditzaileei dagokionez, aurten ere erauzketa lanak Buddleja davidii deritzon espeziera bideratu dira, duen hedapen zabalagatik eta izaera eraldatzaileagatik. Kartografiatutako budleiaren 1.018,97 m2-tatik 463,14 m2 erauzi dira (%45,45). Zaborraren bilketari dagokionez, 1.500 kg inguru bildu dira, herritarrekin egindako auzolanari eta langileen 12 eguneko jardunari esker.
Azkenik, gaur, 20 zuhaitz inguru eta 30 zuhaixka landatu dira 2023an 12 platanondo moztu ziren eremuan. Zuhaitzetan, ibar-basoetako ohiko espezieak diren Haltza (Alnus glutinosa) eta Lizarra (Fraxinus excelsior) hautatu dira, eta zuhaixketan, aldiz, Zuhandorra (Cornus sanguinea) edo Intsusa beltzaren (Sambucus nigra) antzekoak txertatu dira, bertako ibarbasoa indartzeko helburuarekin.