Ardi gazta, erruloan ere aukeran
Gabonak geroz eta ozenago ari dira feriako ateak jotzen. Lehen izeiak iritsi dira, eta gozo eskaintza zabaltzen ari da.
Abenduarekin batera, hotza ere iritsi da Ordiziako feriara, eta horrek eragina izan du goizeko lehen orduetan, jende askorik ez delako ibili. Goizak aurrera egin orduko, tenperatura zerbait leundu da, eta ikusi da mugimendu gehiago Garagartza plazan eta inguruan. Bisitariek ere izan dute horretan errua, ikasle talde handi samarra ibili delako feriako postuz postu, D’elikatuz zentroko gidariak lagunduta; Tolosako Orixe Institutuko DBH-3ko 56 ikaslek osatzen zuten taldea.
Baina hotza ez ezik, berritasunak ere izan dira gaurkoan, eta gaztaren atalak eman du horietako bat, ardi esnearekin egindakoa errulo forman ere saltzen hasi direlako Itziar Etxeberria eta Josune Ormeño. Orain arte ahuntz-gazta erruloa zen ezagunena, baina dirudienez, ardi gaztarenak ere badu tokia gastronomiaren munduan. Hau ere, ahuntzarena bezala, zuria, biguna, koipetsua eta zaporez leuna da, eta igurtzita eta labean urtuta jateko oso aproposa. Arabako artzain batek egindakoa da Etxeberriaren eta Ormeñoren postuan salgai dutena, eta kiloa 19,50 euroan dago.
Bestela, feriak, abenduko lehenak, Gabonak geroz eta gertuago daudela erakutsi du, beste produktu berri baten aurkezpenarekin. Izan ere, izeiak iritsi dira, normandiar motakoak. Mikel Lasak jarri ditu salgai, 25 euroan. Azken urteetan asko ez direla saltzen esan du Lasak, baina aurten ere ohiturari eutsi dio behintzat.
Gabon kontuekin jarraituz, Astigoxo postuko Susanne Klemmek data horiei begira kaxa berezi batzuk prestatu ditu, dozena bat gaileta handiz beteta. 12 euroan jarri ditu salgai.
Madariak eta laranjak
Fruten atalean ere izan dira berritasunak. Lehena, Gabiriatik iritsitakoa da. Jose Antonio Elosegik Imperial motako madaria aurkeztu du, negu garaikoa, eta egosita jateko, ona. Kiloa 3 euroan jarri du.
Bestetik, Uliako Labea elkarteko Eliok eta Azaharak Alacanteko laranjak zituzten salgai, bertatik zuzenean ekarritakoak. Kiloa 2,40 euroan dute.
Gaztainak ere aipatu behar dira, goizeko hotzari aurre egiteko Mikel Lasa danbolina hartu, eta bere postuan erretzen aritu delako batzuk, bezeroei banatzeko. Izan ere, gaztainak ere baditu salgai perretxikozale honek, kiloa 3 euroan.
Perretxikoetan, berriz, Barcinarekin batera, honako eskaintza osatu du: 84 kilo onddo (20 eta 40 euro artean kiloa), 35 kilo niskalo (10-20 euro) eta 25 kilo mendiko angula (18-20 euro).
Kuia erraldoia
Bitxikerietarako tartea ere izan da gaurko ferian. Maria Jesus Oriak kuia erraldoi bat jarri du salgai. Ez zekien zein motatakoa den, baina jateko aproposa dela, bai. Barruko haziak eta bestelakoak garbitu eta gero, 21 kilo pisatu ditu.