Legazpiko Udala Ignaziotar Bidearen Elkarteko kide da azarotik
Azpeitia eta Manresa lotzen dituen 700 kilometroko ibilbidea da, eta Legazpitik igarotzen da. Turismo aldetik sustatzea da elkartearen helburua.
Azaroko udalbatzan aho batez onartu ondoren, Legazpi Ignaziotar Bidearen Elkarteko kide da. Azpeitia eta Manresa lotzen dituen 700 kilometroko ibilbidea da Ignaziotar Bidea, eta Legazpitik igarotzen da.
Amaia Aizpurua turismo alorreko zinegotziak osoko bilkuran azaldu zuenez, «ahalmen turistikoa izan arren, ibilbideak zeharkatzen dituen lurralde aniztasunak zaildu egin du turismoaren sustapena modu koordinatu eta eraginkorrean egitea». Gainera, «administrazio aniztasunak eta kudeaketan kohesio faltak udalerri askoren garapen aukerak mugatu egin ditu, batez ere txikietan».
Horren aurrean, duela urte batzuk Azpeitiko eta Manresako udalek ibilbideari elkarlanean bultzada nola eman aztertzen hasi ziren, eta ibilbidea ukitzen duten 60 udalerriekin hitz egin ondoren, Ignaziotar Bidea elkartea osatu zuten.
Helburua turismo sustapen koordinatua egitea da, bidearen ikuspegi integraletik abiatuta. Alderdi erlijioso hutsa baztertu, eta bideko ondare eta kultura trukatzeko elkarlana egin nahi dute.
Eric Galvez alkatea izango da Legazpiko ordezkari titularra, eta turismo zinegotzi Amaia Aizpurua ordezkoa.