«Gure sentsazioekin harremanetan jartzea garrantzitsua da»
Orain Legazpin bizi da, baina 35 urte egin ditu kanpoan Marta Madinak (Legazpi, 1963), Dominikar Errepublika, New York eta Madril artean, komunikazioaren alorrean lanean. Duela urtebete inguru, natura gertuago duen jaioterrira itzuli zen, eta coach lanetan dihardu, jendeari lagundu nahian. Doluari buruzko hitzaldia egingo du astelehenean, hilak 9, Kultur Etxean, 18:30ean.
Noiz utzi zenuen Legazpi ?
Kazetaritza ikasi nuen Iruñean, eta Dominikar Errepublikara joanda, garapenerako komunikazioan egin nuen lan, irakurtzen edo entzuten zaituenaren bizitza hobetzeko helburuarekin. Nekazari guneko emakumeak, hezkuntza, nutrizioa… jorratzen nituen. Urte asko egin ditut gero lerro horretan.
New Yorken izan zinen gero.
Dominikar Errepublikan senarra ezagutu, eta handik New Yorkera joan ginen biok, bederatzi urterako. Hasieran, mendebaldeko populazio mexikarrari zuzendutako proiektu editorial batean egin nuen lan, Estatu Batuetan integratzeko informazioa helaraziz. Gero IPPF (International Planned Parenthood Federation) erakundean jardun nuen bost urtez. Familia plangintzaz arduratzen zen, eta nik komunikazio eta sentsibilizazio programa eraman nuen. Hego Ameriketan asko bidaiatzea egokitu zitzaidan orduan.
Handik, Madrilera.
Bai, eta urte batzuk egin nituen kontsultari lanetan, Erdialdeko Amerikan HIESaren prebentziorako proiektu batean, Ipar Amerikako Garapenerako Agentziak (USAID) finantzatuta. Hor ere talde marjinal eta behartsuekin lan egin nuen, ikastaroak ematen emakumeei, gazteei, edo LGTBI+ kolektibokoei. Guatemalara asko joaten nintzen orduan.
Eta gero, ozeanoen babesa.
Lan hura nahiko bakartia zen, eta Oceana erakundean jende artean lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Komunikazio gaitasunak berriz atera, eta ozeanoen babesean hasi nintzen. Madrilen du Europako egoitza Oceanak, eta 15 urte egin nituen han, komunikazio arduradun gisa azken urteetan.
Nondik dator coach lana?
Izango dira 20-25 nire barnera bidaia bat hastea erabaki nuela, ni neu ezagutzeko eta ohiko galderei erantzuteko: nortzuk garen, zer egiten dugun hemen, zertarako… Bide berri eta interesgarri bat ireki nuen, eta kudeaketa emozionala, konstelazioak, pentsamendu sistemikoa eta beste gai batzuk lantzen hasi nintzen. Coach sistemikoa izateko formakuntza jaso nuen, eta horretara dedikatzen naiz orain.
Zertan datza lan horrek?
Egoera gatazkatsu bat bizitzen ari diren pertsonak laguntzen. Akonpainamendu horretan erraztasunak ematen ditut argia aurkitu dezaten, euren kabuz irtenbidea aurki dezaten, irtenbidea beti dagoelako gugan. Gakoa da norberari entzutea, eta askotan baztertu edo interpretatzen ez dakizkigun emozioak jasotzea, nik profesional gisa emandako tresnekin. Horretarako, emozioen kudeaketa eta pentsamendu sistemikoa lantzen dut, eta konstelazioen bideratzailea naiz.
Web orri bat duzu.
Bai, www.martamadina.com. Bertan, besteak beste, meditazioak ditut jarrita doan, eta beste tresna batzuk ere erakusten ditut: ariketak, bistaratze sortzailea, arnasketa teknikak…
Dolua ere lantzen duzu?
Maiz heldu diot doluari, bai. Norbaiten edo zerbaiten galerarekin sortzen den prozesu aktiboa da. Denbora bat eskatzen du, eta jendeak denbora hori hartu behar du igarotzeko. Ez da samurra, gizartean ez delako errazten, alderantziz, inposatu egiten da azkar bizitzea. Ondoan minez, triste edo negarrez dauden pertsonak baditugu ez gara eroso sentitzen, eta gure joera prozesu hori moztea da, ahalik eta azkarren pasatu dadin.
Zer eskainiko duzu hitzaldian?
Doluaren ikuspegi holistikoa partekatu nahi dut. Teoria ere emango dut, definizioa, ezaugarriak, etapak eta horrelakoak, baina hori gutxi edo asko ezaguna da. Gehiago interesatzen zait jendeari barne bidaia bat egitera gonbidatzea. Denok gaude doluan, edo izango gara, eta horri aurre egiteko ni non nagoen jabetzea da gakoa. Nahiko tresna dut horretarako? Zer falta zait? Tristezia horretan egoteko nahikoa denbora ematen diot neure buruari? Izan ere, tristezia galera egoera baten aurrean sortzen den emozio bat da, eta lagungarria izan daiteke, barrura begira egoteko, barnera biltzeko, bakarrik egoteko… Hortik abiatuko duzu introspekziorako eta zure bizitzan gertatu denaz hausnartzeko bidea. Gure sentsazioekin harremanetan jartzea garrantzitsua da.
Ez al dugu hori egiten?
Ez. Egunerokoan, dena presa da. Dolua baztertu egiten dugu, estali, edo atzeratu. Ez diogu heltzen, ez dugu burutzen, hasi ere ez, askotan. Eta ondorioa larria da. Dolua ez baduzu egiten, galeraren ondotik datozen emozioak ez dituzu biziko, eta emozioak mugimenduan dauden energiak direnez, blokeatuta geratuko dira gorputzean eta gaixotasun forman agertuko dira. Ikuspegi horretatik landuko dut asteleheneko hitzaldia, baina modu praktikoan egin nahi dut.
Nola?
Adibideak emanez. Haserrea, esaterako, doluan agertzen den emozio bat da. Haserrea zeure buruarekin, nahikoa egin ez zenuelako, eta joan den pertsonarekin, egoera zailean utzi zaituelako, edo Jaungoikoarekin… Zer egin behar den haserre horrekin? Bizi, sentitu.
Emozio gehiago daude doluan?
Mina, bereziki. Galera batek ez badizu minik eragiten, ez dago dolurik. Baina mina pertsona bat galdu aurretik ere agertu daiteke, adibidez Alzheimerraren ondorioz gaitasunak galtzen joaten direnean. Horrelakoetan dolua aurretik egiten hasten da, eta heriotza liberazio gisa ere hartu daiteke.
Beraz, heriotzak bakarrik ez du eragiten dolua.
Lan edo etxe aldaketa bat, menopausia… galerak dira, mini doluak. Horien aurrean gorputzak eskatzen badizu negar egitea, triste egotea… jaramon egin behar diozu, horretarako denbora hartuta. Barrura begira jartzea da gakoa.
Gabonak datoz…
Geure barrurako bidaia egitean eta sentitzen dugunarekin harremanetan jartzean bakarrik konturatuko gara hor ditugula gordeta galdu ditugunen oroitzapenak eta haiengandik jaso genuen maitasuna. Maitasun horrek bizirik jarraitzen du, ez da desagertzen. Hari ikusezin bat da hori, eta horri arnasketa kontzientearen bidez helduta, lortuko dugu gure pertsona maite hori guregana berriz ekartzea, Gabonetako mahaira, eta gurekin dagoela sentitzea.