Haizearen Orraziari eskaini dioten musika, olerki eta irudi ikuskizuna Legazpin
Txillidaren jaiotzearen mendearen ospakizunean kokatzen da. Andoni Salamero olerkaria, Pello Ramirez musikaria eta Ikatza argazkilari elkartea dira protagonistak
Txillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko Legazpiko Udalaren eta Lenbur Fundazioaren artean antolatutako egitarau bereziak hitzordu berri bat proposatu du iganderako: musika, poesia eta irudia uztartzen dituen Haizearen Orraziaren sehaska kanta ikuskizuna. Kultur Etxean estreinatuko da lan hori, areto nagusian, 12:00etan. Sarrera dohainik izango da, eta aretoko ateak 11:30ean irekiko dituzte.
Ikuskizun honetan Pello Ramirez musikaria arduratuko da musika jartzeaz, txeloarekin, shakuhachia deituriko instrumentuarekin eta soinu handiarekin. Hitzen atala, lanaren sortzailea den Andoni Salamero olerkariaren ardura izango da. Azkenik, irudiak Ikatza argazkilari elkarteko kideenak izango dira.
Txillida eta naturari omen
Txillida eskultorearen lan ospetsuenetakoa den Haizearen Orraziari eskainitako kanta bat izateaz gain, «eskultura horren irudiarekin bateratzen diren beste elementuen gorazarrea» izan nahi du emanaldiak, «alegia, suarena, metalarena, urarena, harkaitzarena, lurrarena». Txillida ere ez du ahaztu lanaren egileak, eta gorazarre hori «uztartze perfektuarekin, irudia itxuratuz joan zen irudigile edo eskultoreari» ere luzatu dio. Azken finean, «naturari egindako omenaldi berezia» da ikuskizuna.
Txillidari eta naturari eskainitako sentipenak hitzekin, irudiekin, txeloarekin eta beste musika instrumentuekin osatuko dituzte.