Ezkurreneako etxebizitza komunitarioei buruzko saioa, asteazkenean
Legazpiko Udalak parte hartze prozesu bat du irekita eraikin horretan garatu nahi duen belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioen proiektua lantzeko.
Ezkurrenean udalak gauzatu nahi duen belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioen proiektuari buruzko informazio saioa egingo dute asteazkenean, hilak 11, eraikinean bertan. Uda aurretik, etxebizitza horien ezaugarriak zehazteko hainbat saio egin zituzten herritarrekin, eta emaitza udalean aztertu ondoren, azterketa horren emaitza partekatuko dute bihar.
Proiektu hau prozesu parte hartzaile baten bidez ari da garatzen udala. 2024ko urte hasira hasitako prozesua da, eta bidean aurrera doa. Uda aurretik, belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioek izango dituzten ezaugarriak proposatu eta landu zituzten herritarrek, hainbat saiotan. Besteak beste, eraikinak berak jasoko dituen erabilerak, etxebizitzek izango duten izaera, espazioen antolamendua, bertara sartzeko baldintzak eta funtzionamendua aztertu zituzten.
Saio haietan landutakoa maila teknikoan aztertu dute ondoren udalak, eta asteazkeneko saioan, azterketa horren emaitzak eta udalak egindako aurrerapausoak azalduko dituzte.