Haztegi ikastolako ikasleen lasterketa solidarioa, aurten EITBren maratoiarekin bat eginda
Geletan bilduko duten dirua EITB Maratoiari emango diote, gaixotasun kardiobaskularrak ikertzeko. Ostegunean izango da, herriko erdigunean, 10:00etatik aurrera.
Legazpiko Haztegi ikastolak lasterketa solidarioaren edizio berri bat egingo du ostegunean, hilak 12, goizez. Aurtengoak ere elkartasun helburua izango du, eta ikastolako ikasleek keinu bat egingo diote egunean bertan egingo den EITB Maratoiarekin, eta horren Entzun bihotzari leloari.
Telebistaren diru bilketa gaixotasun kardiobaskularren ikerketarako izango da, eta legazpiar gaztetxoek bildutakoa ere bai. Ikasleek korrika eginez adieraziko dute ekimenaren aldeko euren konpromisoa eta ahalegina, baina dirua ere bilduko dute. Izan ere, aste honetan zehar, diru ekarpena egiteko aukera izango dute geletan jarriko dituzten kaxa solidarioetan, edo DBH-koen kasuan, irakasleari emanda.
Horrez gain, osteguneko lasterketa baino lehen, sentsibilizazio saio bat eskainiko zaie ikasleei gelan, lasterketaren asmoak eta EITB maratoia zertan datzan gertuagotik ezagutzeko.
Lasterketa, herri erdian
Lasterketa solidarioa herriko erdialdean prestatuko dituzten bi zirkuitutan egingo dute ikasleek. Hala, Haur Hezkuntzakoek birak emango dizkiete udaletxeari, eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek, lora dendarainoko ibilbidea osatu beharko dute.
Ikasleek zikloka korrika egingo dute, 10-15 minutuko txandatan.
Lasterketa 10:00etan hasiko da Euskal Herria plazan.
Iazko edizioan bildutako dirua Hotz Legazpi elkarteari eman zioten, errefuxiatuekin egiten duten lanerako.