Larunbatean jokatuko da Emakumezkoen I. Ordizia Hiria txapelketako finala
Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, abenduaren 14an, 11:30ean hasita, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Mazizior-Balerdi eta Aroa-Alava bikoteek, eta ondoren, finala, Lopez-Irazustabarrena eta Zubelzu-Galdos bikoteek.
Emakumezko I. Ordizia Hiria larruzko pala txapelketaren finalerdietako bi partidak jokatu ziren larunbatean Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, Oiangu Pelota Elkarteak elkartuta. Partida “estuak” aurreikusten ziren eta gidoia bete zen.
Lehen partidan Amaia Irazustabarrena hernaniarrak eta Garbiñe Lopezek legutioarrak parean izan zituzten, Erana Mazizior ereñozuarra eta Ekhine Balerdi usurbildarra. “Partida hotz hasi zen eta sentsazioak hartzeko zailtasunak izan zituzten pilotariek, bai tentsioagatik eta baita ere Ordiziako zorua bustitzen hasi zelako”. Hezetasuna igotzen joan ahala zalantzak agertu eta partida eten beharra izan zuen antolakuntzak. Kantxan berogailua jarri eta arazoari aurre egin orduko, berriro ekin ahal izan zitzaion partidari. “Berrekitearekin batera gorakada izan zuten Amaia eta Garbiñek , tartetxoa ireki eta bost bat tantoko errenta baliotsuarekin partidaren bigarren zatiari eutsi zioten. Ekhinek atzetik pilota asko astintzen duela erakutsi zuen eta Enarak presio asko sartu zion Garbiñeri, baina honek oso ondo erantzun zien defentsa lan txukunarekin eta baita ausart jokatu eta tantoak lortuz. Txapelketako partidarik onena egin zuen Legutioko aurrelariak. Amaiak azken txanpan, defentsan sendo eta txokoan jokaldiak eginez, urdinen ahaleginak ezerezean utzi zituen”. Ondorioz eta 35-29 emaitzaz, Lopez-Irazustabarrena bikotea izan zen finalerako txartela lortzen lehena.
Bigarren partidan Leire Galdos oiartzuarrak eta Amaia Zubelzu usurbildarrak, Gasteiztik etorritako Irati Alava eta Aroa Torres izan zituzten aurkari. Partida estua aurreikusten zen arren, “Leireren hasera bikainak txundituta utzi zituen kantxa barruko zein kanpokoak, abiadura teknika, intentzioa, dena bikain eginez alde nabarmena lortu zuten lehen zatian. Aroa eta Iratiri gehiago kosta zitzaien partidan sartzean, baina pazientziaz asko landuriko tanto batzuk eskuratzen ere hasi ziren”. Partidaren erdirako, Iratik Leireren jokoari aurre egitea lortu zuen eta Amaiak ere ederki eutsi zion Aroaren joari. “Iratik saketik min handia egitea lortu zuen amaiera aldera eta azken bost tantoetara gorriak baina hobe iritsi ziren. Aroak bizi amaitutako tanto batzuen ostean, partida lehen aldiz berdintzea lortu zuten 32nakoarekin”. Berdintasun horrek partidaren azken unera arte jarraitu zuen, 34nako berdinketa ere izan zelarik. Urduritasunez beteriko azken tantoa, Leire Galdosek lortu zuen, 9ra eta txokora pilotakada bati esker.
Oiangu Pelota Elkarteko kideen esanetan, “asteak aurrera doazen heinean, bikoteak osatzen doaz, elkar ezagutzen. Entrenamenduek ere fruituak ematen jarraitzen dutela ikusi zen eta lau bikoteek larunbatean eskaini zuten maila, azaroaren 15ean txapelketari ekin zitzaionean baina dezente altuagoa izan zen. Eta hoberen aurkitzen diren honetan, txapelketari amaiera emateko garaia heldu zaie”.
Finala larunbatean
Eta azken partidak iritsi dira. Larunbatean, abenduaren 14an, 11:30ean, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Mazizior-Balerdi eta Aroa-Alava bikoteek. Finala, berriz, Lopez-Irazustabarrena Zubelzu-Galdos bikoteek jokatuko dute. “Eguraldi kaskarrari eta hezetasunari aurre egin asmoz berogailuak martxan izango dira eta jaialdi polit batez gozatu nahi duen orori gonbita luzatzen diogu. Animatu emakumezkoen modalitatea hau ezagutzera, ez baitakigu berriz noiz izango dugun honelako aukerarik”.