'Herria piztu' festa ospatuko du Ilintik ostiralean
Laubiden izango da, Gabonetako kanpainari hasiera eman zion ihes gela bezala. Merkatari elkarteak 1.000 euroko saria zozkatuko du bertan.
Gabon giroa nabaria da Legazpiko kaleetan. Argiak piztuta daude, udalak antolatutako erakusleiho lehiaketa martxan dago, eta Ilinti merkatari elkartea bete-betean murgilduta dago Gabonetako kanpainan. Azken honek Herria piztu! du lelotzat, eta ostiral honetan amaituko da, Laubiden egingo duten festarekin eta 1.000 euroko sariaren zozketarekin.
Gabonetako kanpaina hau azaroaren 22an hasi zen, Laubiden, herriko familia asko elkartu zituen ihes gela batekin. Eta horrekin batera, 1.000 euroko saria lortzeko txartelak banatzen hasi ziren bezeroen artean Ilintiko establezimenduetan. Sariaren zozketa ostiral honetan egingo dute, kanpaina itxiko duen festarekin.
Festa Laubiden egingo dute, 18:30ean hasita. Xaibor disko festa girotzen ariko da, eta bitartean, txokolatea eta bizkotxoak banatuko ditu elkarteak, 19:00etatik aurrera. 20:00etan, dendariek dendak itxi eta gero, zozketa egingo da. Zozketa hori “El Niño” errege eguneko zozketaren antzera egingo dute, eta banan bana aterako dituzte zenbakiak, bost zifratako zenbaki sariduna osatu arte. Hamar minutu izango ditu zenbaki irabazlearen jabeak 1.000 euroko saria erreklamatzeko, eta ez badu egiten, berriz egingo dute zozketa, irabazle bat lortu arte. Ekitaldian bertan jakinaraziko da irabazlearen izena. Saria banatu eta gero, musikak emango dio amaiera festari.
Gabonetako 1.000 euroko saria ez da eskudirutan emango, eta Ilintiko saltokietan gastatzeko izango da. Horretarako, beste jarduera bat antolatuko du Ilintik, abenduaren 20rako. Egun horretan gastatu beharko du dirua irabazleak, eta Lintxorekin batera batera ibiliko da dendaz denda, 1.000 euroak gastatu arte.