Pilota jaialdi handia proposatu dute Legazpiko pilotariek ostiralerako
Gipuzkoako txapelketan lehian ari diren haur mailako bi bikotek final laurdenetako partidak jokatuko dituzte, eta nagusien mailako Josu Ibargurenek, buruz buruko zortzirenak. Urbeltzen izango dira hiru partidak, 19:00etatik aurrera.
Legazpiko pilotari gazteek esku pilota festa handia agindu diete zaleei ostiralerako, haur mailako bi bikotek errendimenduko Gipuzkoako txapelketaren final laurdenak jokatuko dituztelako herriko Urbeltz pilotalekuan, 19:00etan hasita, eta nagusien mailako beste batek final zortzirenarekin duelako hitzordua egun berean, jaialdiari amaiera emateko. Guztiak, Legazpiko Gazteak pilota klubeko kideak dira.
Haur kategoriako bost pilotari ari dira guztira lehian. Ostiraleko jaialdian jokatuko duten lehenak, hirugarren mailako Aiert Orbegozo, Eñaut Alonso eta Ager Goikoetxea izango dira, eta arrasatearrak izango dituzte aurkari. Hiru dira, baina bikoteka ari dira jokatzen, txandaka.
Ondoren, bigarren mailan ari diren Marko Urangaren eta Urko Irastortzaren txanda izango da, eta azkoitiarren aurka neurtuko dira.
Amaitzeko, Josu Ibarguren arituko da. Gipuzkoako buruz buruko txapelketako final zortzirenetara iritsi da legazpiar hau ere, nagusien bigarren mailan, eta Errenteriako Ortiz de Urbinaren aurka jokatuko du.
Santa Lutzi eguna da ostirala, baina Legazpiko Urbeltzen girorik ez dela faltako agindu dute sei pilotari hauek.
Pilota eskola, osasuntsu
Pilota eskolan hezitakoak dira guztiak. Osasuntsu dago pilota eskola hori, Ibarguren, Irastortza eta Urangaren esanetara; azken denboraldian Aimar Arruabarrena ere gehitu zaie, eta Beñat Perez ere entrenatzaileen taldekoa da. Ikasleak, berriz, 35-bat dira.