PSE-EEk txalotu egin du Espainiako Gobernuak Ordiziari bidegorri sarea indartzeko 500.000 euro eman izana
Ordiziako PSE-EEko udal taldeak nabarmendu du, "Pedro Sanchezen Gobernuak bultzatutako politikei esker, mugikortasun jasangarrian aurrerapauso garrantzitsuak" ematen ari dela.
Ordiziako PSE-EEko udal taldeak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak 4.7 milioi euro eman dizkie hamar udalerriri, horietako bat Ordizia, “bizikleta-erreien kilometro gehiago eraikitzeko eta bizikletaz mugikortasun aktibo eta iraunkorra sustatzeko”. Sozialistek zehaztu dutenez, “50.000 biztanletik beherako udalerrietarako funtsak dira, eta horiei esker, Ordiziako biztanleek etekina aterako dute”.
Ordiziako udal talde sozialistaren ustez, “diru laguntza horiek Pedro Sanchezen Gobernuak mugikortasun iraunkorrago baten alde bultzatutako politiken beste adibide bat dira. Politika horien azken helburua energia fosilen eta kutsadura atmosferiko zein akustikoaren erabilera murriztea da, udalerriko airearen eta bizitzaren kalitatea hobetuz”.
Era horretan, “zalantzarik gabe, albiste bikaina da gure herriarentzat eta herritar guztientzat. Sozialistok hasieratik markatu dugun bide-orria da. Ingurumena eta bizilagunak errespetatzen dituen udalerri iraunkorrago baten alde egiten dugu. Espainiako Gobernuak bultzatutako ekimen hauei esker, Ordiziak bere bidegorri sarea hobetuko du. Beste urrats bat da udalerri modernoago eta irisgarriago bat lortzeko”, adierazi du Ana Maria Sanchez bozeramaile sozialistak.