Harrotasunez beteriko egutegia kaleratu du Legazpiko Udalak 2025erako
Bertsoak eta irudiak lagunduta, Legazpiz harro egoteko hamabi arrazoi dira egutegiaren muina. Azken urteetan bezala, lehiaketa izango du hilero.
Legazpiri harrotasunez begiratzeko legazpiarrek dituzten hamabi arrazoi esanguratsuenak bildu ditu udalak datorren urteko egutegia osatzeko, eta bertsoz eta argazkiz lagunduta, 2025eko hamabi hilabeteetan irudikatu ditu, hilabeteko bat.
Gaur arratsaldean aurkeztu dute udal egutegi berria udaletxean Joxe Arizkorreta bertsolariak eta Miryam Galilea zinegotziak, eta gaur bertan hasi dira aleak herriko etxeetan banatzen. Aurreko urteetan bezala, lehiaketa ere izango da hilero.
Harrotasunetarako hamabi arrazoiak herritarren artean egindako galdeketa baten bidez hautatu ditu udalak. Aurtengo urte hasieran galdetu zien legazpiarrei zeintzuk diren Legazpiz harro sentitzeko gaiak, eta jasotako erantzunetatik hamabi bozkatuenak aukeratu ditu egutegirako. Hauek dira hamabi arrazoi horiek: Mirandaola eta burdinola, boluntariotza, mendiak, herri danborrada, euskara, musikariak, herrira urtero milaka lagun ekartzen dituen Mirandaolako Olentzero, Santikutz jaiak, Txillidarekin lankidetza eta Txillida Lantokia, Errege kabalgata, herriaren bizitasuna, eta Hegialdeko jaiak. Eta hamabi arrazoi horietako bakoitza hitz bakar batean bildu dituzte.
Lehiaketan, 50 euro hilero
Hitz horiek izango dira, hain zuzen, hileroko lehiaketaren mamia. Argazkiak eta Bertso-olariak bertso eskolako kideek egindako bertsoak izango dituzte lagungarri horretarako partaideek. Laguntza osagarria ere izango dute, egutegiaren bukaeran jasota daudelako hamabi hitzak.
Hil bakoitzean, Legazpiz harro egoteko arrazoia laburbiltzen duen hitz hori asmatu beharko dute legazpiarrek, eta asmatzaileen artean 50 euroko erosketa txartela zozkatuko du udalak, herriko merkataritzan edo ostalaritzan gastatzeko.
Bertsoak eta argazkiak
Hamabi bertsoen sortzaileak Mikele Arizkorreta, Mikel Balerdi, Nerea Elustondo, Jone Narbaiza, Joxe Arizkorreta, Nekane Gonzalez, Asier Iriondo, Lierni Ugarte, Jokin Matxinandiarena, Ibon Sotil eta Ane Beloki izan dira.
Egutegian agertzen diren argazkien egileak, berriz, Gorka Gomez, Mikel Bravo, Josu Altzelai, Txakel Urarte, Gurutze Langarika eta Legazpiko Udala dira.