Garai bateko Santa Maria kaleari buruzko liburua, salgai
Legazpiko erdialdearen historia jasotzen du argitalpenak, Felix Ibargutxik idatzita. Larunbatean aurkeztu zuten.
Latxartegi aretoa goraino beteta zela, larunbat eguerdian aurkeztu zuten Felix Ibargutxik eta Burdinola elkarteak Santa Maria kalea liburua. Aurkezpenaren ondoren makina bat ale saldu zituzten, baina oraindik badago erosteko aukera, Apatxo liburu dendan, hain zuzen ere, 35 euroan.
Garai bateko Santa Maria kalea Olaberritik Mantxolara arte zihoan. Gerora Calle Navarra izena hartu zuen, eta legazpiar askok Kale Zaharra bezala ezagutzen dute oraindik. Gaur Nafarroa kalea da bere izen ofiziala. Ibargutxi kazetariak lehengo kale luzean biltzen ziren etxeei egin die errepaso liburuan Jose Luis Ugarte historia zalearen laguntzarekin. Guztira, 87 etxe azaltzen dira, eta 700 argazki inguru ere bai, horietako asko aspaldikoak, eta beste asko, informatzaileenak.