Majori kiroldegian 120 eguzki plaka jartzen hasi dira
Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, 67,8 kW inguruko energia sortuko dute, egun Majori kiroldegiak daukan hornikuntzaren %17a.
Ordiziako Majori kiroldegiko saskibaloiko kantxaren gaineko teilatuan gaur hasi da Ekilor enpresa 120 panel fotovoltaiko instalatzen. Lanak hilabeteko epean bukatuta izatea aurreikusten da.
Adur Ezenarro alkatearen esanetan, 67,8 kW inguruko energia sortuko dute, egun Majori kiroldegiak daukan hornikuntzaren %17a. “Poliki-poliki hornikuntzaren %20-30era iristeko helburua dugu, hau da, Ordiziako Udalak energi hornikuntzaren %30 energia berriztagarrietatik lortzea, eta gastuan ere %30a jaistea. Horretarako bidean goaz eta hau izango da lehen urratsa”.
Alkateak zehaztu duenez, kiroldegia da udalari gastu handiena suposatzen dion instalakuntza. “Energia fotovoltaikoarekin eta energia eraginkortasuna lortzeko neurriekin ere, hurrengo urratsak ematen ere joan beharko dugu. Orain saskibaloiko kantxaren gaineko estalkian hasi gara, baina igerilekuarena ere hor dago, eta ahalik eta espazio gehiena erabiltzen dugu panel fotovoiltako hauek jartzeko”.
45.000 euroko inbertsioa egingo dute. Proiektu honen finantziazioa, EVE-EEE Euskal Energiaren Erakundearen bidez bideratuko bada ere, Next Generation EU diru laguntza lerroaren bidez egingo da.