Neguko Azoka egin dute Domingo Agirre eta Olazabal ikastetxeek
Atzo ospatu zuten, Azokan, eta azken urteetan egin duten San Tomas feriari izena aldatu dioten arren, ohiko osagaiak izan ditu aurtengoak. Berritasunak, Txirbil egur lanketa taldearen partaidetza eta arabiar jatorriko familien ekarpena izan dira.
San Tomas Feria izenarekin izan da ezaguna urte askoan, baina aurtengoarekin hasita, Neguko Azoka izango da aurrerantzean. Gabon bezperatan Domingo Agirre eta Olazabal ikastetxeek egiten duten feria da, eta atzo egin zuten, Azokan, ohiko osagaiekin. Taloak eta txorizoa, gaztaina erreak, Aspaceko kideen laguntzarekin egindako saskigintza saioak, txistorra eta gazta egiten ikasteko saioak, Olazabal institutuko ikas bidaiarako gozo salmenta, xaboi natural eta ukendu salmenta, barazki erakusketa eta salmenta…
Baina berritasunak ere izan ziren, horien artean Txirbil egur lanketa taldeko kideen erakustaldia. Eskoletako familia arabiarren ekarpena ere berria izan zen, eta besteak beste, henna eta tea eraman zuten urteroko feria honetara.