Nerea Elustondo seigarren Gipuzkoakoan, eta txapelketetan jarraitzeko asmoz
Alaia Martinek irabazi du txapelketa, Beñat Gaztelumendirekin buruz burukoa jokatu eta gero.
Nerea Elustondo legazpiarrak seigarren postua eskuratu zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, 6.500 bertsozale elkartu zituen Donostia Arenan larunbat arratsaldean jokatutako finalean. Alaia Martin oiartzuarrak jantzi zuen lau urtetik behin egiten den txapelketako txapela, Beñat Gaztelumendi añorgarrarekin buruz burukoa jokatu ostean.
Hirugarren sailkatua Oihana Iguaran izan zen, laugarrena Ane Labaka eta bosgarrena Aner Peritz. Elustondoren atzetik Andoni Rekondo eta Eneritz Artetxe sailkatu ziren, zazpigarren eta zortzigarren postuetan.
Saioaren bukaerako agurrean, Legazpiko bertsolariak txapelketekin jarraitzeko asmoa adierazi zuen.