Saioa Pueblak eta Andoni Salamerok aurten hil diren zumarragarrak gogoratuko dituzte
Ekitaldia abenduaren 29an izango da, Zumarragako plazan
Saioa Pueblak eta Andoni Salamerok 2024. urtean hil diren pertsonak oroitzeko ekitaldia egingo dute abenduaren 29an, 12:00etan, Zumarragako Euskadi plazan (baserritarrek azoka egiten duten tokian).
Pueblak eta Salamerok atzo aurkeztu zuten ekitaldia, Zumarragako kultur etxean. «Ekitaldi berezi eta samur bat antolatu nahi dugu. 2024. urtean hil diren pertsonak oroitu nahi ditugu, haien senitarteko guztiei merezi duten babesa eskainiz», esan zuten.
Izan ere, pertsona horientzat urte gogorra izan da. «2024. urtea batzuentzat lorpen handikoa izango zen bezala, familia askok beren senitartekoak galdu dituzte. Pertsona horiek tanatorioan, lanean, kalean… herritarren babesa jaso dute, baina herriaren errekonozimendua edo aintzatespena ere jaso behar dutela iruditzen zaigu».
Herri mailako ekitaldi bat egitea oso garrantzitsua dela uste dute. «Sentsibilitate desberdinak dituzten pertsonen samina adierazteko, herri ekimen integratzaile honetan pentsatu dugu. Batez ere, pertsona bakoitza herri garen bezala, elkar hartzeko eta herrikide direnak laguntzeko. Orain arte, familia bakoitzak bere erara adierazi behar izan du bere galera, talde bakoitzak bere samina kudeatu behar izan du, baina bada ordua, gune desberdinetan, elkartasun hori adierazteko».
Zumarragan, pandemia zela eta, 2022. urtean antzerako zerbait egin zen. «Ekimen hartan, herriko alkate eta zinegotziek ere esku hartu zuten. Horrelako ekitaldiek, herri garela adierazteaz gain, gure pentsamenduak eta sentimenduak -portaerak desberdinak eta anitzak izan arren- bat egiteko gai garela erakusten digute. Horrek gure benetakotasuna agerian uzten du; elkartasunaren, enpatiaren eta errukiaren adierazte gardenak direlako».
Mimoz eta sentiberatasunez prestatutako ekitaldia egingo dute. «Urtero egitea iradokitzen dugu, bat egitea ez baita gaur bai eta bihar agur egiteko ezer, baizik eta landu eta zaindu beharreko keinua. Pertsona desberdinek haien zama parteka dezaten, ekitaldi intimo eta samurrera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Herritar izan dena agurtzeko eta senitartekoei hurbiltasuna adierazteko. Eta bere mina gure mina ere badela gogoratzeko», amaitu zuten.