Goieniz zine klubaren Gau Laburra, abenduaren 27an da
Aurtengoa 23.a izango da, abenduaren 27an, 19:00etan hasita, Beasaingo Usurbe Antzokian. Hogei film labur izango dira lehian. Ikusleen eta epaimahaiaren sariak banatuko dira.
Eguberrietako egun hauetan ekitaldi berezia antolatzen du Goieniz zine klubak: Gau Laburra. Aurtengoa 23.a izango da, abenduaren 27an, 19:00etan hasita, Usurbe Antzokian. Hogei film labur izango dira lehian.
Goienizen esanetan, «Espainiar estatuko 150 inguru film labur» jaso dituzte aurten lehiaketarako, eta «jasotako guztien artean puntuazio altuena jasotakoak izango dira ikusgai Gau Laburrean». Aniztasun handia dagoela aurreratu du antolakuntzak, hau da, genero guztiek izango dutela tokia.
Jaialdiaren lehen zatian, 19:00etan, hamaika film labur ikusteko aukera izango da: Superhost (Joan Alamar), Que estas haciendo con tu vida (Fernando Gonzalez), Patata (Emilio Gonzalez), Hotz (Lander Castro), Sole (Pedro Estepa Mendez), Grecorromanos (Mikel Bustamante), Depredador (Javier Fesser), Empezar de nuevo (Core Ruiz), Wan (Victor Monigote) eta A la cubana (Angela Conde).
Atsedena egin ondoren, 21:30ean hasiko da bigarren saioa, beste bederatzi film laburrekin: Ahora vuelvo (Lucas Paulino, Gabe Ibañez), Malegro Verte (Null Garcia), Casting (Victor Devesa), Mierda para mama (Rocio Rubio), Ni lobos ni corderos (Jose Luis Acosta), La Mort (Jesus Martinez), El juego de su vida (Alejandro Miñarro), Mujer sin varon (Dany Ruz) eta Baile con la muerte (Carlota Masso).
Bi sari
Saioaren amaieran, bi sari emango dituzte. Batetik, publikoaren saria, ikusleek bozketa bidez erabakiko dutena; eta bestetik, epaimahaiaren saria, Goieniz zine klub taldeko kideek osatzen dutena.