Beasaingo Usurbe Antzokian izango da, 19:30ean. Ostadarretik jakinarazi dutenez, "aurtengo emanaldia ohi baino bereziagoa izango da, gure 40. urteurrena dantza eginez ospatzera baikoaz, oraina biziz, iragana oroituz eta etorkizunari begiratuz"
Beasaingo Ostadar dantza taldeak abenduaren 21ean egingo du urteroko jaialdia Beasaingo Usurbe Antzokian, 19:30ean. Ostadarretik jakinarazi dutenez, “aurtengo emanaldia ohi baino bereziagoa izango da, gure 40. urteurrena dantza eginez ospatzera baikoaz, oraina biziz, iragana oroituz eta etorkizunari begiratuz”. Ekitaldiko sarrera doakoa izango da.
“Euskal Herrian zehar aurki ditzakegun dantzak eskainiko ditugu, bakoitzaren ezaugarriak (koreografiak, musika, jantziak…) ahalik eta hobekien islatuz. Eta Ostadar Dantza taldea osatzen duten talde guztietako kideak izango ditugu oholtza gainean dantzan, musikariek jotako doinuen erritmora dantzan: haurrak, helduak eta Plaza dantzen ikastaroko kideak”.
Aurten gainera, “emanaldi berezia izaki, dantza-koreografi bereziren bat ere estreinatuko dugu aurten bere jaiotzaren 120. urteurrena izan den Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole bizkaitarra omenduz, eta era berean, Aitor Alvarez Etxezarreta musikariak espreski Ostadar Dantza Taldearen 40. urteurrenaren harira sortutako piezak ere dantzatuko ditugu”.