Ane Urtzelaik egin ditu Legazpiko San Silvestrerako garaikurrak
Santikutz Klasikorako garaikurrak ere egin ditu azken bi edizioetan. EHUko Arte Ederretako Fakultatean ari da ikasten artista legazpiarra, Sorkuntza eta Diseinu gradua.
Legazpiko San Silvestre lasterketako irabazleek garaikur bereziak izango dituzte aurten, Ane Urtzelai artista gazteak egin dituelako. Kale Nagusiko Ibargutxi Kirolak dendako erakusleihoan daude ikusgai.
Legazpiarra EHUko Arte Ederretako fakultatean ari da ikasten, Sorkuntza eta Diseinu gradua, eta ez da lehen aldia kirol garaikurrak egiten dituena. Maiatzeko Santikutz Klasikoa txirrindulari lasterketaren azken bi edizioetakoak ere berak eginak dira.
Enkargua “sorpresaz” heldu zitzaiola azaldu du Urtzelaik, eta uste du Klasikorako egin zituen garaikurrak gustatu zirela, eta horregatik eskatu dizkiotela Silvestrekoak egitea. Garaikur bakoitza pertsonalizatua da, eta dagokion postua kontuan hartu du diseinurako. Gainera, Kale Nagusiko toki ezberdinak irudikatu ditu. Paulo Ormazabal arotzak eta Uxue Cruz ikaskideak lagundu diote lanak egiten.