Ordiziako Eguberrietako azoka berezia Plaza Nagusian egingo da
Abenduaren 24an, asteartez egingo da Ordiziako Azoka, 09:00etan hasita, berriz ere Plaza Nagusian. Aitortza egingo diote aurten azokara etortzeari utzi dioten bost baserritarri.
Plaza Nagusia eraberritzeko lanak erabat bukatu gabe badaude ere, urteko azkeneko azoka berezia, Eguberrietakoa, bertan egingo da abenduaren 24an, 09:00etatik aurrera. Ohiko tokian kokatuko dituzte asteazkeneroko postuak. Bestalde, abere eta hegaztien erakusketa, eta Euskal Herriko Errege-sagarren erakusketa eta salmenta lekuak, Garagartza plazan egokituko dituzte. Eguberri bezpera izaki, taldeen kantu eskeek girotuko dute azoka eguna.
Aitortza ekitaldiak
Omenaldi eta aitortzarako tartea ere hartuko dute abenduaren 24an, udaletxe azpian. Lehendabizi, 10:30ean, 2024an azoka utzi duten edo utziko duten baserritarrei aitortza ekitaldia egingo diete. Bost omendu izango dira: Zaldibiako Asun Etxeberria, Mutiloako Juanita Murgiondo, Baliarraingo Edurne Jauregi, Ataungo Lurdes Zurutuza eta azkeneko bi azoketan egongo den Aramako Maria Dolores Mendizabal izango dira omenduak.
Bigarren esker oneko ekitaldia, 2024. urtean nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei egingo diete, 11:00etan. Idiazabal Jatorri Izendapeneko hemezortzi gaztandegik nazioarteko 36 sari lortu dituzte aurten; tartean dira, Ondarre, Garoa, Baztarrika eta La Leze gaztak.
Euskalphotocall-a
Iraileko aparteko azokan egiten duten bezala, abenduaren 24an ere Euskalphotocall-a antolatuko du Amets Bide dantza taldeak, euskal jantziekin argazkiak ateratzeko. Azen artzain erraldoia izango dute lagun. 11:00etatik 14:00etara izango dute lagun taldeek aukera argazkia ateratzeko, Beti Alai pilotalekuaren kanpo aldean.
Abenduaren 31n
Urtea amaitu aurretik, beste azoka egun bat ere izango da Ordizian, Urtezahar egunez, abenduaren 31n.