Tren geltokia irisgarriago
Tren geltokira iristeko bide berriak eta igogailua eraikiko dituzte. Legealdi honetako proiektu nagusiena izango da eta aurten hasiko dituzte lanak. Guztira, 1.209.000 euroko aurrekontua dute lanek eta sei hilabete iraungo dute.
Ormaiztegiko Udalak 3.046.759,40 euroko udal aurrekontua izango du 2025ean. Hala onartu zuen Ormaiztegiko udalbatzak aho batez, abenduaren 17an egin zen osoko bilkuran. Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak aurreratu duenez, «ez da ohiko aurrekontua»; aurreko urteetakoekin alderatuta nabarmen handiagoa baita. Arrazoia bat da: herrigunea eta geltokia lotuko dituen bide berriaren obrak. «Legegintzaldi honetako proiektu nagusiena da, herritarrek aspalditik egin duten aldarrikapenari erantzungo diona», azpimarratu du alkateak.
Geltokiko obra proiektuari eta honi lotutako desjabetzeei ere oniritzia eman zion udalbatzak azkeneko osoko bilkuran. Proiektuak argia orain ikusi duen arren, azken urteetako lanaren emaitza da; «Ormaiztegirentzako proiektu estrategikoa da. Aspalditik ari gara horretan lanean eta gure hauteskunde programaren proposamen nagusietako bat izan zen», oroitu du Enrikek.
Behin proiektua onartuta, obren esleipen prozesua martxan jarriko dute urtea hastearekin batera. Ondo bidean, lanak apirilerako hastea da udalaren aurreikuspena eta sei hilabeteko epean amaituta egongo dira.
Adifekin elkarlanean
Obra handia izango da, bi zatitan banatuko dena. Batetik, geltokirainoko bide berria egiteko lanak egongo dira; eta bestetik, geltokian bertan irisgarritasuna bermatzeko obrak. Lehenengoa Ormaiztegiko Udalari dagokio eta bigarrena Adif erakundeari. Proiektu bateratu baten lanketa egin dute elkarrekin eta azterketa geologikoak ere egin dituzte obrak egingarriak diren ziurtatzeko.
Gaur egun tren geltokia eta herrigunea lotzen dituen bideak ez ditu»gutxieneko baldintzan betetzen» irisgarritasunaren aldetik: «Aldapak %9ko malda dauka batez beste; tarte batzuetan %14koa ere bai. Goran ez dago aparkalekurik eta behin aldapa igota, eskailera tarte luze bat igotzea da geltokira iristeko modu bakarra».
Obrari dagokionean, Eztandaertz kaletik oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berriak egingo dituzte, baita ibilgailuentzako sarbide berri bat eta aparkaleku bat ere. Aparkaleku horretan geltokira igotzeko igogailu bat jarriko dute, «igogailuaren azpiegiturak bi pasarela izango ditu; lehena gaur egun eskailerak dauden oinera iritsiko da eta bigarrena, gerora geltokiko sarrera izango den hall batera». Bigarren pasarela hori Adifek ondoren egingo dituen irisgarritasun lanekin lotuko da. «Oinezkoentzako lurpeko pasabide bat eraikiko da eta nasa bakoitzera sartzeko igogailu bana eta eskailera tarte berriak jarriko dituzte», zerrendatu du Enrikek. Adifek egin beharreko lan horiek itxaron egin beharko dute, momentuz; «2026ean edo 2027an» egingo baitira. Bitarte horretan, eskailerak erabili beharko dira dira geltokira sartzeko.
Proiektu estrategikoa
Mugikortasun iraunkorreko proiektu bat izateaz gain, «eragin sozial nabarmenekoa» izango dela azpimarratu du alkateak. Batetik, 2024ko urrian egikaritu den Udalaren Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralean jasota dagoen aldarrikapen bati erantzuten diolako. «Herritar, erakunde eta elkarte ezberdinek parte hartu dute lanketa horretan eta geltokiaren irisgarritasuna bermatzea izan da aldarrikapen nagusiena. Gaur egungoa ez delako ez irisgarria ezta erosoa ere. Herritar askok kotxea hartu eta Beasainen hartzen dute trena».
Bestetik, Ormaiztegiren benetako irisgarritasun aukerak hobetuko dituelako, eta baita Ormaiztegi «erakargarriago» egingo duelako ere, «baita bizitoki gisa ere». Gainera, udalak eta Adifek uste dugu nabarmen handituko dela erabiltzaile kopurua.
‘Pump track’ parkea
Inbertsio aldetik apalagoa izango den arren, pump track parkearen proiektuari ere garrantzia eman nahi izan dio alkateak. Aurre-proiektua egina dago jada eta Ura agentziak ere aztertu du egingarria den edo ez ikusteko. Abenduaren amaieran iritsi zitzaien Urak-en erantzuna «kezkaz» jaso dute ordea. «Hasiera batean parkea Muxika eremuan kokatzea da asmoa, baina ez dakigu teknikoki posible izango den Urak-ek jarritako baldintza guztiak betetzea», aitortu du Enrikek. Proposamena aztertzen ari dira orain, baina parkea Muxikan ez bada beste leku batean egingo dutela ziurtatu du.