Badator ilusioz beteriko bigarren gaua
Goierrin bederatzi herritan egingo dituzte desfileak hiru erregeek, igande arratsaldean. Musikariak eta dantzariak izango dituzte lagun horietako batzuetan.
Ilusioen eta oparien bigarren tanda iristear da Goierriko etxeetara. Abenduaren 24ko gauean hainbeste lan egin ondoren, Olentzero eta Mari Domingi joanak dira atseden hartzera, baina Gabon jaiei amaiera emango dieten Errege Magoak bidean dira, gameluak, zaldiak eta bestelakoak opariz beteta dituztela. Igandean iritsiko dira, urtarrilaren 5ean, eta arratsaldez eta gauez lanpetuta ibiliko dira, bazter guztiak magiarekin zipriztinduz.
Goierriko etxe askotara joango dira bisitan erregeak, eta bederatzi herritan ongi etorriak ere egingo dizkiete kalean. Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon, Legazpin, Olaberrian, Ordizian, Ormaiztegin, Zegaman eta Zumarragan kabalkadak eta ekitaldi ikusgarriak dituzte prestatuta.
BEASAIN
Atxipi aisialdi taldearen eskutik iritsiko dira Beasainera Errege Magoak, 1958an ezarritako ohiturari eutsiz. Goizean, 10:30ean, Arangoiti egoitzara joango dira bertako egoiliarrak bisitatzera, eta 12:00etan, haurren gutunak jasoko dituzte Loinazko San Martin plazan.
Desfilea 18:15ean hasiko da. Igartzako jauregitik abiatuko dira erregeak, bakoitza bere karrozan. Atxipi eta Bakuntza taldeek, Goizeresi txistulariek, Loinatz Musika eskolako trikitilariek eta panderojoleek, Musika Bandak, Koskola txarangak, Kantujirak, Irratizaleen elkarteak eta dozenaka antortxeroek lagunduta egingo dute plazara arteko bidea, Nafarroa Etorbidea eta Kale Nagusia zeharkatuz. 19:15ean iritsiko dira, eta ohiko ongi-etorri ekitaldia egingo diete han. Amaieran, bide beretik Igartzara itzuliko dira. Bidean 150 kilo gozoki banatuko dituzte, zeliakoek ere jateko modukoak.
Aurten, kabalkada alaitzen duten bi doinu moldatu zituen Pello Irizar izango dute gogoan. Ibilaldian, musika bandak eta Koskola txarangak Erregeak datoz eta Alaken pieza ezagunak joko dituzte, 2017an Irizarrek moldatuak. Plazako ekitaldian, bestalde, Kantujira taldeak Erregeak Beasainen abestia kantatuko du.
IDIAZABAL
Idiazabalen, Guraso Elkartetik abiatuko dira Errege Magoak, 18:00etan, eta herriko kaleak zeharkatuz egingo dute plazara arteko desfilea. Han, herriko haurrek osatutako jaiotza izango dute zain. Amaieran, kioskora gerturatzen direnei gozokiak eta opariak banatuko dizkiete.
LAZKAO
Lazkaon 18:30ean jarri dute hitzordua Errege Kabalkadari hasiera emateko. Ohi bezala, hiru erregeek Zubizkitzatik Lazkao Txiki Zelaira arteko bidea egingo dute, herriko musikarien eta dantzarien laguntzarekin, eta kale bazterretan bildutako guztiei gozokiak banatuz. Lazkao Txiki Zelaian agurra dantzatuko diete gaztetxoek, eta amaieran, txikiek aukera izango dute erregeekin egoteko.
Arratsaldeko jardunaren aurretik, Txindoki egoitza bisitatuko dute egoiliarrak agurtzeko, 11:00etatik aurrera.
LEGAZPI
Legazpiko Errege desfilea 18:00etan abiatuko da Bikuña kiroldegitik, eta ohiko ibilbidea egingo du, Legazpi Musika Bandak eta beste musikariek, dantzariek, antortxeroek eta laguntzaileek lagunduta.
Laubideraino joango dira lehenik, eta han geldialdia egin eta gero, Euskal Herria plazara jaitsiko dira. Plazan, amaiera ekitaldia egingo dute udaletxe azpian jarrita egongo den jaiotzaren aurrean. Agurra egingo dute han, Korosti dantza taldeko dantzariek dantza saioa egingo dute, eta Santikutz abesbatzak ere parte hartuko du Gabon kantekin. Amaieran, erregeak udaletxeko balkoira igoko dira, eta urtero moduan, plazan bildutako guztiak agurtuko dituzte.
Aurten ere Korosti dantza taldea arduratu da Legazpiko kabalkada antolatzeaz. Azken urteetan bezala, Ormazarreta zalditegiko zaldien gainean egingo dute ibilbidea erregeek.
OLABERRIA
Errekaldetik abiatuko dira 17:00etan Errege Magoak urteroko desfilea egiteko Olaberrian, eta bi ekitaldi egingo dituzte gero. Udaletxean, 17:30ean harrera egingo diete, eta 18:30ean Ihurreko Gizarte Zentroan izango dute hitzordua. Han ere harrera egingo diete, eta opari banaketa egingo dute gero.
ORDIZIA
Parrokiko Katekesi taldeak antolatuko du aurten ere Ordiziako Errege Kabalkada, Goierriko zaharrena, 1943ko urtarrilaren 5ean atera baitzen kalera lehen aldiz.
Aurten ere Gaspar, Meltxor eta Baltasar ez dira faltako Ordiziako kaleetan. Buztuntzatik abiatuko dira hiru erregeak eta laguntzaileak 18:30ean, eta Plaza Nagusian amaituko dute desfilea, herriko alde zaharra zeharkatu ondoren.
ORMAIZTEGI
Iluntzean, 18:30 aldera iritsiko dira Errege Magoak Ormaiztegira, Mendizabal auzora, hain zuzen. Handik abiatuko dute desfilea, eta herriko plaza, Pio eta Usoa taberna ingurutik igaro ondoren, Gizarte Etxe aldera joango dira.
Plazan harrera egingo diete, eta Urmaiz abesbatzaren kantaldia izango da.
ZEGAMA
Zegamara Tobera musika eskolak gonbidatuta iritsiko dira Gaspar, Meltxor eta Baltasar, 1997 urteaz geroztik urtero egiten duten moduan. Iluntzean abiatuko dute desfilea, eta 19:00etan, Maxkarra mendi inguruan ikusi ahal izango dira hiru Errege Magoen segizioaren argiak lehen aldiz.
Herrigunera iritsita, bertako kaleak zeharkatuko dituzte, inguruan bildutakoen artean gozokiak banatuz. Herriko plazara joango dira gero, eta elizan amaituko dute ibilbidea.
ZUMARRAGA
Zumarragako Musika Bandak eta Antxinako Ama txistulari taldeak lagunduta egingo dute urteroko desfilea Errege Magoek Zumarragan. Desfile jendetsua izango da, ohi bezala, baita ikusgarria ere, eta urtero bezala, jende mordoa bilduko da kaleetan, ekialdeko hiru Errege Magoak agurtzera. Gozokirik ez da faltako.
Antio auzoan dute jarrita hitzordua erregeek, musikariek eta desfileko gainerako partaideek, 19:00etan, eta handik behera oinez jaitsiko dira Mertzedarien elizaraino. Geldialdia egingo dute han 19:30ean, eta handik Zelai Arizti pilotalekuan jarrita egongo den Herodesen jauregiraino joango dira. Gero, Legazpi kalea zeharkatu eta Euskadi plazara iritsiko dira. Udaletxeko arkupeetan, Jesus haurtxoa gurtuko dute hiru Errege Magoek.