Eguzkik positibotzat jo du Beasaingo Udalak Oria ibaia hondakinetatik babesteko baranden azpian zokaloak jarri izana
Igartza-Oleta, Errementari eta Jose Migel Iturriotz kaleetan jarri dituzte, plastiko eta hondakinak ibaira erortzea saihesteko.
Litekeena da Beasainen buelta bat ematen duten pertsonak harrituta geratzea Igartza Oleta eta Errementari kaleetan eta Jose Migel Iturriotz kalean, 21. eta 26. zenbakien artean, baranden behealdean zokaloak jarri dituztela ikustean.
2023an Igartza Oleta eta Errementari kaleetan jarri zituzten, eta joan den urriaren amaieran Beasaingo Udalak bukatutzat eman zuen zokalo horiek Jose Migel Iturriotz kalean jartzea. “Gauza gehienekin gertatzen den bezala, badu bere azalpena”, adierazi du Eguzkiko Gorka Alberdik.
Zokalo horiek instalatzeko erabakia “ez da kontu estetiko baten ondorio”, Eguzkik nabarmendu duenez. “Ezta gutxiago ere. Ingurumen-helburua duen neurria da: aire-bolada eta haizeak, herritarrek, batzuetan deskuiduz, baina gehienetan herriko kaleetan inolako lotsarik gabe botatzen dituzten plastiko eta hondakinak Oria ibaiaren ibilguraino arrastaka eramatea saihestea, bertako fauna eta flora kutsatuz, eta, ondorioz, gure kostaldea”.
Ibai, erreka eta itsas pasealekuen ondoko barandak ibai-sistemei irekitako ateak dira, eta hortik iristen dira hondakinak ibaiertzetan pilatuz. “Udalak zokaloak bezalako gauza sinple bat jarriz lortu duena da, pertsonak babesteko barandak jartzen diren bezala, baranda ere ibai-babesle bihurtzea”.
‘Itsasoa hemen hasten da’ kanpaina
Eguzkik ibaiak eta itsasoak defendatzeko kanpaina bat jarri zuen martxan 2019an, Itsasoa hemen hasten da lelopean. Kanpainaren helburua da herrietako sortzen den zaborretik itsasoa babestea, eta neurri horiek barandetan ezartzea, udalerrietako udalekin lankidetzan, kutsadura horren zati handi bat saihesteko. “Izan ere, itsasoaren kontserbazioa gure etxeetan hasten da, nahiz eta hondartzako lehen lerrotik urrun bizi. Hondakinak ez erortzeko prebentzio-neurriak jarriz ibai bat babesteko ez da soilik uraren kalitatea eta ekosistema urtarren osasuna babesteko neurri garrantzitsua”.
Funtzio praktikoaz gain, ekintza horrek “hainbat onura gehigarri” izan ditzakeela uste du Eguzki erakunde ekologistak:
- 1. Garbiketa erraztea: Hondakinak sareetan harrapatzean, udal-brigadaren lana errazten da, hondakinak modu eraginkorragoan jaso eta ken baititzakete, ibaitik kendu beharrean. Gainera, ibaira iristen diren hondakinen kopurua murriztean, garbiketarekin lotutako kostuak murriztu daitezke, eta, horri esker, baliabideak modu eraginkorragoan erabil daitezke.
- 2. Kontzientziazioa: Zokaloak eta bestelako babes-neurriak ezartzea abiapuntu izan daiteke gizartea ibaien garrantziari buruz hezteko. Egitura horiek ikustean, pertsonek gogoeta egin dezakete ur-gorputzak eta ingurunea garbi mantentzeko beharrari buruz, eta uler dezakete beren ekintza indibidualek nola eragiten dieten ingurumenari.
- 3. Ibai-sistemen balorazioa: Ibai bat babestean, haren balio ekologikoa, soziala eta ekonomikoa nabarmentzen da. Ibaiak biodibertsitate-iturriak dira, edateko ura ematen dute, nekazaritzarako funtsezkoak dira eta aisialdirako guneak izan daitezke. Horiek babestean, eguneroko bizitzan duten garrantziaren estimazio handiagoa sustatzen da.