Auto elektrikoa Zumarragako Tokiko Energia Komunitatearentzat
Olentzerok auto elektriko bat ekarri dio Zumarragako Tokiko Energia Komunitateari (TEK). Komunitateko bazkideek Zelai Ariztiko aparkalekuan dagoen auto elektrikoa erabili dezakete, orduko 5 euroren truke. Autoaren aurkezpenean Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak, Mikel Serrano alkateak eta Edinor enpresako Ignacio Zubiak eta Loreto Gutierrezek parte hartu zuten.
Autoa Zumarragako TEKeko bazkideek erabili dezakete. TEKa 2021ean jarri zen martxan eta gaur egun 218 bazkide ditu. Berriki, bateriak eskuratu dituzte plaka fotovoltaikoen eskutik sortzen den energia gordetzeko. Komunitateko kideek herriko hainbat eraikin publikotan dauden plaka fotovoltaikoen eskutik lortzen duten energia kontsumitzen dute. Bateriena proiektu pilotua da.
Auto elektrikoa erabili ahal izateko, TEKeko bazkideek aplikazio bat deskargatu behar dute beraien telefono mugikorretan. Gainera, bideo bat bidali diete. Bertan, autoa erabiltzeko eman beharreko pausoen berri ematen da. «Auto honi esker, emisioak gutxitu egingo dira, bazkideek auto hau erabiliko baitute beraienaren ordez. Zumarragakoa auto elektrikoa duen lehen TEKa da. Bazkideak erabiltzera animatu nahi ditut», esan zuen alkateak.
Asensio ere pozik azaldu zen. «Zumarraga aitzindaria izan da eta gaur pauso bat gehiago eman du. Komunitate energetikoek ahalduntzea eta demokratizazioa sustatzen dute». Bukatzeko, egitasmoan parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkien eta aldundiak 97.000 euroko inbertsioa egin duela gogoratu zuen.