Iritsi dira Errege Magoak Goierrira
Goierriko bederatzi herritan eman diete ongietorria erregeei.
Beste urte batez, Goierrin daude Errege Magoak, opariz eta gozokiz beteta. Erregeei ongietorria emateko asmoarekin, herri desberdinetan kabalkada eta ekitaldi desberdinak egin dituzte, eta kaleak jendez bete dira. Eskualde mailan, bederatzi herritan egin dituzte ekitaldi bereziak: Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon, Legazpin, Olaberrian, Ordizian, Ormaiztegin, Zegaman eta Zumarragan.
ORDIZIA
Aurten ere Gaspar, Meltxor eta Baltasarrek Ordiziako kaleak alaitu dituzte. Buztuntzatik abiatu dira hiru erregeak eta laguntzaileak 18:30ean, eta Plaza Nagusian amaitu dute desfilea, herriko alde zaharra zeharkatu ondoren. Ordiziako Errege Kabalkada Goierriko zaharrena da, 1943ko urtarrilaren 5ean atera zen kalera lehen aldiz.
BEASAIN
Beasaingo desfilea 18:15ean hasi da Igartzako jauregitik. Aurten Atxipi eta Bakuntza taldeek, Goizeresi txistulariek, Loinatz Musika eskolako trikitilariek eta panderojoleek, Musika Bandak, Koskola txarangak, Kantujirak, Irratizaleen elkarteak eta dozenaka antortxeroek lagunduta egin dute plazara arteko bidea, Nafarroa Etorbidea eta Kale Nagusia zeharkatuz. Plazan ohiko ongietorri ekitaldia egin eta bide beretik Igartzara itzuli dira.
LAZKAO
Lazkaon 18:30ean eman diote hasiera kabalkadari. Ohi bezala, hiru erregeek Zubizkitzatik Lazkao Txiki Zelaira arteko bidea egin dute, herriko musikarien eta dantzarien laguntzarekin, eta kale bazterretan bildutako guztiei gozokiak banatuz.
LEGAZPI
Legazpiko Errege desfilea 18:00etan abiatu da Bikuña kiroldegitik, eta ohiko ibilbidea egin du, Legazpi Musika Bandak eta beste musikariek, dantzariek, antortxeroek eta laguntzaileek lagunduta.
Laubideraino joan dira lehenik, eta han geldialdia egin eta gero, Euskal Herria plazara jaitsi dira. Plazan, amaiera ekitaldia egin dute udaletxe azpian jarrita dagoen jaiotzaren aurrean. Agurra egin dute han, Korosti dantza taldeko dantzariek dantza saioa egin dute, eta Santikutz abesbatzak ere parte hartu du Gabon kantekin. Amaieran, erregeak udaletxeko balkoira igo dira, eta urtero moduan, plazan bildutako guztiak agurtu dituzte.
ZEGAMA
Zegamara Tobera musika eskolak gonbidatuta iritsi dira Gaspar, Meltxor eta Baltasar, 1997 urteaz geroztik urtero egiten duten moduan. Iluntzean abiatu dute desfilea, eta 19:00etan, Maxkarra mendi inguruan ikusi ahal izan dira hiru Errege Magoen segizioaren argiak lehen aldiz.
Herrigunera iritsita, bertako kaleak zeharkatu dituzte, inguruan bildutakoen artean gozokiak banatuz. Herriko plazara joan dira gero, eta elizan amaitu dute ibilbidea.
ZUMARRAGA
Zumarragako Musika Bandak eta Antxinako Ama txistulari taldeak lagunduta egin dute urteroko desfilea Errege Magoek Zumarragan. Desfile jendetsua izan da, ohi bezala, baita ikusgarria ere, eta urtero bezala, jende mordoa bildu da kaleetan, ekialdeko hiru Errege Magoak agurtzera. Gozokirik ez da falta izan.
Antio auzoan zuten jarrita hitzordua erregeek, musikariek eta desfileko gainerako partaideek, 19:00etan, eta handik behera oinez jaitsi dira Mertzedarien elizaraino. Geldialdia egin dute han 19:30ean, eta handik Zelai Arizti pilotalekuan jarrita zegoen Herodesen jauregiraino joan dira. Gero, Legazpi kalea zeharkatu eta Euskadi plazara iritsi dira. Udaletxeko arkupeetan, Jesus haurtxoa gurtu dute hiru Errege Magoek.