40 urtez mendia lagun
40 urte betetzen dira aurten Idiazabalgo kirol elkartearen baitan mendi saila sortu zenetik. Erakusketa, ikus-entzunezko emanaldia eta irteera antolatu dituzte, ospatzeko.
40 urte joan dira Idiazabalgo kirol elkartearen baitan mendi saila sortu zutenetik. Idiazabalgo mendizaleen ekimenez sortu zen. 1984ko abenduan egindako bilera batean hartu zuten erabakia eta ordukoak dira mendi saila eratzeko emandako lehendabiziko pausoak. Lau hamarkadek askorako ematen dute, eta ordutik hona, hamaika dira mendi sailak antolatutako ibilaldi edo mendiaren inguruko jarduerak.
Mota guztietako eta adin tarte ezberdinei zuzendutako irteerak eta jarduerak antolatu dituzte; «irteera motzak zein luzeak, inguruko mendietan zeharrekoak, baita Pirinioetako gailurrik altuenetara igotzekoak ere», diote mendi sailetik. Herriko mendizale helduei zuzendutakoak asko izan dira, baina baita eskolako haurrentzako bereziki prestatutakoak ere, «mendian ibiltzearen onurak erakutsi eta zabaldu» asmoz.
Ibiltzeko soilik ez
Mendi irteerak antolatzearekin nahikoa ez eta mendiak, ibiltzeaz gain, beste aukera batzuk ere eskaintzen dituela erakusteko askotariko jarduerak bultzatu dituzte; «eskian, eskaladan edo orientazioan, besteak beste», zerrendatu dute.
Adin guztietako herritarren artean mendizaletasuna piztea izan du xede nagusi taldeak eta horretan eragiteko ez dira gutxi izan, mendia ardatz, antolatutako saio osagarriak, «erakusketak, hitzaldiak edo ikus-entzunezko emanaldiak», batzuk aipatzearren.
40 urte hauetan zehar ez da dena bide laua izan eta gailur zailak igotzea ere egokitu zaie. Aitortu dute «gorabeherak» izan direla antolatutako ekintzei eman zaien erantzunari dagokionez, «ekintza arrakastatsuak izan dira, baina erantzun eskasa izandakoak ere ez dira falta izan», diote. Mendira joateko moduetan eta ohituretan denboraren iraganak bere arrastoa utzi du: «Gizartea aldatu egin da hasierako urte haietatik hona», ondorioztatu dute. Garai berrietara egokitzea besterik ez dago eta horregatik mendi sailekoek «garbi» dute «talde lanari eta bultzadari eutsi» nahi diotela aurrerantzean ere, «proposamen berriei ateak irekiz». «Gogotsu» daudela ziurtatu dute eta «aurrera egiteko asmoz».
Aratzera irteera
Urteurrena ospatzeko egitaraua antolatu dute asteburu honetarako. Ostiralean, erakusketa bat irekiko dute udaletxeko areto nagusian, urte guzti hauetan bildutako argazki eta materialez osatuta. 18:00etan izango da irekiera ekitaldia. Ondoren, 18:30ean ibilaldietan aterako argazkien proiekzioa egingo dute eta arratsaldea borobiltzeko afaria egingo dute Arretxe elkartean. Ekitaldi sortarekin amaitzeko, igandean Aratz mendira irteera antolatu dute —8:00etan plazatik abiatuta—. Hain zuzen, Aratzera izan zen, mendi sail eratu berriak 1985eko otsailaren 24an, antolatu zuen lehendabiziko irteera.