Iaz baino txikiagoa da 2025eko Ataungo Udalaren aurrekontua
2024ko gastu eta sarreren doiketengatik txikitu dute. Aurrekontu osoaren %23,2 bideratu dute inbertsioetara.
2025. urtean, 2.286.166,03 euroko udal aurrekontua izango du Ataungo Udalak, 2024an baino 15.000€ gutxiago. Martin Aramendi Ataungo alkateak adierazi du 2024ko aurrekontuaren exekuzio-maila eta diru-sarrerak kontuan hartuta, gastu eta sarreretan egindako doiketengatik jaitsi dela aurrekontua. Hala ere, aurrean daukagun urtea erronka handikoa izango dela ziurtatu du: «Guztion esku-hartzea eta proiektu nagusietan norabide berean lan egitea ezinbesteko ezaugarriak izango dira eskuartean dauden proiektuak aurrera atera daitezen».
2025eko aurrekontua osatzen duten kontu-sail nagusien artean daude, besteak beste, langileen gastuak (706.819€ bideratuko dira); eraikinen eta bideen mantentze lanak (508.140€); elkarte eta erakundeen hitzarmenak (212.410€); gizarte politikak (90.200€); eta festak zein kultur jarduerak (124.000€). Hori gutxi ez, eta beste 148.000€ bideratuko dira aparteko lan batzuetarako, hala nola kreditu globala, zerbitzuen kontratazioa, irisgarritasun unibertsalaren azterlana, etxebizitza hutsak merkaturatzeko azterlana, gastu juridikoak, eta abar.
Inbertsio berriak
Herriko zenbait azpiegitura konpondu, birsortu eta txukuntzeaz gain, zenbait proiektu aurrera eramateko inbertsio berriak egingo dira; zentzu horretan bideratu dute aurrekontu osoaren zatirik handiena (%23,2a) inbertsio berrietara. Plaka fotovoltaikoak udal eraikinetan ezarri, gimnasioko ekipamenduak erosi, eta Botika-etxea zaharberritzeko mailegua eskatzea daude horien artean.
Alkatearen esanetan, azken hau litzateke proiektu izarra. La Caixari desjabetutako eraikina da San Martin auzoko plazaren erdian dagoen 159 metro karratuko Botika-etxea eraikina. Ekipamendu soziokultural izendapena izan du historikoki, eta herritarrekin egindako parte-hartze prozesuan hala erabakita, erabilera soziokultural hori eman nahi dio udalak eraikinari 2025ean; besteak beste, belaunaldien arteko topaleku izatea nahi dute.