Urte berriarekin, ohiko martxa berreskuratu du Ordiziako azokak
Bi astetan asteartean egin eta gero, asteazkenera itzuli da. Berritasunak ere izan dira, tartean tipula landarea.
Urte zaharreko azken ferian baino tenperatura epelagoa izan da urte berriko lehen feria, eta Plaza Nagusian postu gehiago zirela, gainera. Izan ere, asteko ohiko egunera itzuli da azoka urtearen hasierarekin, eta Gabonetako oporrak edo beste konpromisoak tarteko azken bi asteetan falta izan diren saltzaileak ere itzuli dira. Plaza Nagusiak ia ohiko itxura izan du gaur goizean, udaberri-uda garaian bakarrik izaten diren ekoizleen faltan.
Eta hainbat produktu berriren aurkezpenaren lekuko ere izan da, nahiz eta nabarmendu behar den garai hauek ez direla oso aproposak berritasunetarako. Hala ere, ekoizleek beti dute zerbait berria eskaintzeko, eta gaur ere horrela izan da. Ibarrako Montes izan da horietako bat, eta batetik, romanesku laranja aurkeztu du, unitatea 2 euroan, eta bestetik, Zallako tipula landarea. Tipula gorria da, buru zabalekoa, eta ehuneko sorta 4 euroan jarri dute salgai.
Romaneskua zein tipula landarea Ibarran hazitakoak dira, eta eguneko beste berritasunak, Zeraingo Mendarte baserrian. Iñaki Intxaustik aurkeztu ditu, errukula eta martorria, hain zuzen. Sortaka jarri ditu salgai, 1,5 euroan.
Zitrikoen eskaintza
Fruten atalean ere izan da berririk, limoia. Arantxa Lopetegirenak ziren, Altzagako bere baserri ondoan hazitakoak horiek. Kiloa 2 euroan zuen salgai.
Ez da limoia Plaza Nagusian salgai dagoen zitriko bakarra, Uliako Labea elkarteko kideek laranjak ere badituztelako duela aste batzuetatik, Alicanteko Orihuelan duten komunitatetik zuzenean ekarritakoak, kiloa 2,20 euroan.
Perretxiko gutxi
Mikologia gaietan, eskaintza geroz eta urriagoa da, gaur goizean ikusi den bezala. Mikel Lasak bakarrik izan ditu salgai perretxikoak, eta gutxi gainera: kilo bat ziza hori 30 euroan, eta beste kilo bat mendiko angula 20 euroan. Lehortutako onddoak eta ziza horiak ere baditu salgai Lasak (kiloa 120-130 euroan), eta oliotan kontserbatutako onddoak ere bai.