Nabasi eta Keia taldeen kontzertua, ZEK taldearen lehen ekarpena
Zaldibian agenda musikala modu autogestionatuan kudeatuko duen talde berri bat sortu dute hainbat herritarrek, Zaldibiako Ekintza Kulturala (ZEK) izenarekin. Urtarrilaren 17an da lehen kontzertua.
Zaldibiko Ekintza Kulturala (ZEK) izenarekin sortu da musika bidelagun izango duen talde berria. Azken urteetan programazio musikalak izan duen beherakadari buelta eman, eta 2025. urtetik aurrera, jarraikortasun batekin kontzertuak antolatzea du helburu taldeak.
ZEK taldeak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Euskal Herrian gaztetxe eta areto libreen “zirkuitua murriztu” egin da azken urteetan. “Muxutruk edo borondatezko lana eginez euskal taldeei taularatzeko aukera eskaintzeko lan egiten duten antolakundeak geroz eta gutxiago dira, edo indarra galtzen ari dira. Hori dela eta, hainbat herritar bildu gara Zaldibian, egoera honi buelta eman eta Zaldibiako herria berriro ere panorama musikalean kokatzeko asmoz. Horretarako tresna, besteak beste, Herri Antzokia izango dugu”.
Lehen kontzertua, urtarrilaren 17an
Urtarrilaren 17rako antolatu dute lehen emanaldia. Nabasi (Zarautz-Oñati) eta Keia (Zarautz-Oñati) taldeek joko dute kontzertua Herri Antzokian, 22:30ean hasita. Sarrerak 8 euro balio du aurrez, eta egunean bertan 10.
Martxoaren amaieran, berriz, Izaki Gardenak taldearen txanda izango da.
Sarrerak online eskuratzeko estekak eta gainontzeko programazioaren berri izateko, instagram kontua (@zektaldea) sortu du ZEK kolektibo berriak.