Monterotar txirrindularien ibilbidea liburuan jasoa
Emilio Quilezek ‘La Saga de los Montero’ liburua aurkeztuko du gaur 19:00etan, Ordiziako Barrenan. Luciano eta Ricardo Montero Hernandez, eta Luciano Montero Rechouri buruz da.
Emilio Quilezek La Saga de los Montero. Una estirpe de campeones liburua aurkeztuko du gaur, 19:00etan, Ordiziako Barrena jauregian. Bi lagun izango ditu ondoan; hitzaurrea idatzi duen Abraham Olano txirrindulari ohia (Munduko txapeldun bikoitza) eta Adur Ezenarro alkatea. Quilezek Ordizia aukeratu du aurkezpenerako, anaiarik zaharrena, Ricardo Ordizian bizi izan zelako 1932. urtetik. Luciano semea Ordizian jaioa da.
Hiru Monterotar txirrindulariren bizitza jaso du Quilezek liburuan. Ibilbide emankorra bezain ezezaguna izan zuten Ricardo eta Luciano Montero Hernandez anaiak, eta Luciano Montero Rechou (Ricardoren semea) dira protagonistak. Errepideko Espainiako Iraupeneko txapeldunak izan ziren hirurak. «Bizi ziren garaiak nahasiak izan ziren, baina Espainiako gerraren aurretik, oso famatuak izan ziren. Gero oihartzuna itzaltzen joan zen», dio idazleak. Bi urteko lanaren emaitza da liburua, ez baita erraza izan eurei buruzko informazioa lortzea. «Frantziako, Euskal Herriko eta Espainiako liburutegietan eta hemeroteketan aritu naiz arakatze lanean. Bi urte konplikatu izan dira».
Avilan jaioak
Jaiotzez, Avilakoak (Espainia) ziren baina txikitan Ipar Euskal Herrira joan ziren bizitzera gurasoekin. Batetik bestera ibili ondoren, azkenean Bokalen (Landak, Frantziak), Baionaren ondoan hartu zuten bizilekua. Quilezen esanetan, han zaletu ziren txirrindularitzara, Frantziako Tourrari esker. Ricardo Frantzian hasi zen txirrindularitzan baina berehala Irungo Real Union taldeak fitxatu zuen.
Curriculuma
Ibilbide emankorra izan zuten hiru Monterotarrek. Quilezen esanetan, anaiarik nagusiena, Ricardo, Europako «grimpeur onenetako bat izan zen eta Munduko Txapelketa bat korritu zuen estatuko lehen txirrindularia izan zen. 1930ean 6.a izan zen Liejan eta 1932an 4. Erroman».
Monterotarren dinastiako bigarrenak, Lucianok, «Munduko Txapelketa batean zilarrezko domina bat lortu zuen lehen txirrindulari espainiarra (Floreffe – Belgika 1935ean), Abraham Olanok Duitaman (Kolonbia, 1995) 60 urte geroago gainditu ez zuen metala. 1934an, 1935ean eta 1936an Parisko Nazioen Sari Nagusian hiru postu lortu zituen».
Hirugarrena, Luciano Montero Rechou, Ricardoren semea, «historiako lehen KAS taldeko kidea izan zen 1958an. 1950ean Espainiako txapeldun amateur izendatu zen Bartzelonan Federico Martin Bahamontesi gailenduta».