'Zuhaitz bat babestu' kanpaina Legazpin abiatuko da martxoaren 9an
Basoberritze jardunaldia egingo dute Brinkolan, 300bat haritz kandugabe aldatuz. Aldundia, Basotik Fundazioa, Baserria Km0 eta Legazpiko Udala dira bultzatzaileak.
Legazpi aukeratu du Aldundiak Zuhaitz bat babestu kanpainari hasiera emateko. Gipuzkoa «berdeago eta iraunkorrago baten aldeko apustua» da, eta lehen ekitaldia martxoaren 9an izango da, baso-berritze jardunaldi bat.
Gaur goizean eman dituzte egitasmoaren xehetasunak Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko Diputatuak, Jon Ander Ostolaza Basotik Fundazioko gerenteak, Jose Pablo Larrea Baserria Kilometro 0-ko ordezkariak eta Edurne Matias Legazpiko Udaleko zinegotziak.
Hiru eragile
Arrutik azaldu duenez, «ingurumena kontserbatzearen, garapen ekonomikoaren eta gizarte kohesioaren aldeko apustua» da Zuhaitz bat landatu kanpaina. Ingurumenaren kontserbazioaren izenean, haritz kandugabea edo Quercus Petraea landatuko dute, Basotik fundazioaren babesarekin, eta bultzada emango diote, horrela, Gipuzkoan 3.000 langile biltzen dituen basogintzaren sektoreari. Haritz haziak tokiko basoetan jasotako ezkurretatik datoz, «bertako espezien iraunkortasuna ziurtatuz eta gure basoen oreka osasuntsua sustatuz», Ostolazak zehaztu duenez.
Lurraldeko hainbat eragile daude nahastuta egitasmoan, Aldundiarekin eta Basotik Fundazioarekin batera, Baserria KM0 eta Legazpiko Udala ere bai. «Elkarlan honen helburua da indarrak batzea herritarrak sentsibilizatzeko ahaleginean, eta landa garapen orekatuaren sustapenean», Arrutiren arabera.
Martxoaren 9an, Legazpin
Martxoaren 9an abiatuko da kanpaina, Legazpin, antzerki talde batek dinamizatutako ekitaldiarekin. Zuhaitz landaketa izango da muina. Brinkolako Olariagain inguruan egingo dute, Barrendiola urtegitik gertu. 300-bat haritz kandugabe aldatuko dituzte. Gero, parrillada bat egingo dute, herrigunean.
Parte hartzeko, Baserria KM0 produktuen lau etiketa bidali beharko dira otsailaren 28rako apadrinaunarbol@baserriakm0.com helbide elektronikora. Banaka edo taldeka parte har daiteke.
Baserria KM0-ko Larreak azaldu du ekimen honekin lortu nahi dutela «herritarrek ulertzea zuhaitz bat babesten duen pertsona bakoitzak etorkizun jasangarriago baten eraikuntza aktiboan parte hartzen duela».
Matiasek, berriz, herritar guztiak gonbidatu ditu baso berritze jardunaldian parte hartzera, Legazpin eta ingurumenean duen eragin positiboa azpimarratuz: «Gutako bakoitzak gure hondar alea jartzeko eta Gipuzkoa berdeagoa eta jasangarriagoa nahi dugula erakusteko aukera da».