Herritarrak eta udala, auzoen egoeraz kezkatuta
Haritz Artzelusek 900dik gora firma bildu ditu herriko auzoen egoera salatzeko, eta udaletxean entregatu zituen asteazkenean. Udalak gogoratu du ateak irekita dituela herritarren kezkak eta iradokizunak jasotzeko, eta 2025ean auzoak mantentzeko eta hobetzeko plan bat egingo duela iragarri du.
Haritz Artzelus herritarrak Legazpiko auzoen egoera salatzeko abian jarritako firma bilketa amaitu da. Artzelusek asteazkenean eraman zituen bildutako firmak udaletxera, 900dik gora. Auzoak Bizirik Legazpi izenarekin martxan jarritako ekimena arrakastatsua izan dela dio, bete eta gainditu egin dituelako zituen espektatibak.
Udalari auzoen egoera jakinaraztea eta esku hartu dezan eskatzea zen helburua, eta bete du. Ekimena, gainera, herritar askorengana iritsi da, eta nahiko zalaparta eragin du, batez ere sare sozialei esker.
Alkatearekin bilera
Firma bilketa abiatu eta gutxira, Eric Galvez alkatea harremanetan jarri zen Artzelusekin, eta San Martin eta San Ignazio auzoetara joanda, zuzen-zuzenean jaso zuen haren aldetik bi auzoetako arazoen eta eskatzen zuenaren berri. Hala, eskatzen ari zen konponketa eta garbiketa lanetako gehienak udalak egin beharrekoen zerrendan planifikatuta zituela erantzun zuen alkateak.
“Sinadurak biltzeko ekimena errespetatzen badugu ere, gogoratu nahi dugu herritarren batek kexa edo iradokizun bat jartzen duenean, ahalik eta azkarren ematen zaiola erantzuna, eta kasu honetan lehenengo pauso hau emanda ez zegoenez, sinadura bilketaren berri izan ondoren eman zaiela”, azaldu zuen.
Udala, herritarrentzat zabalik
Udalak, bestalde, herritarrei gogorarazi die “beren kezkak, eskaerak, iradokizunak edo kexak adierazteko hainbat gune” dituela, hala nola, udalaren web orria, LegazpiOn aplikazioa, telefonoa, posta elektronikoa edo zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzura joanda.
Alkatearekin eta zinegotziekin elkartzeko hitzordua eska dezaketela ere nabarmendu dute, eta udaletxeraino hurbiltzeko aukerarik ez dutenei begira, horien etxeetara joateko prest daudela ere bai. Horretarako hitzordua eskatu besterik ez dute egin behar, herri barrutik 010 zenbakira eta kanpotik 943 73 70 30 zenbakira deituta, edo haz@legazpi.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita.
“Gobernu taldeak herritarren benetako beharrei erantzuteko efizientea eta eraginkorra izateko konpromisoa hartu du, haiek baitira gure lan politikaren ardatz nagusia. Hori lortzeko, ezinbestekotzat jotzen dugu gertuko administrazioa izatea eta entzute aktiboa egitea, eta, horregatik, etxeetara ere hurbiltzen gara “, azaldu du Eric Galvez alkateak.
Gainera, 2025ean zehar, auzoak mantentzeko eta hobetzeko plan bat egingo dutela iragarri du, eta diagnostikoa osatzeko, bisitak egingo dituzte auzo eta kale guztietara. Bisita horietan herritarrek parte hartzea eskatuko dute.
Hain zuzen, herritarren parte hartzea oinarri duen Eraiki Dezagun Legazpi ekimenaren balantzea egingo dute gutxira. Ekimen horren baitan herritarren 176 ekarpen jaso zituzten, eta laster iragarriko dituzte auzoetan egingo diren bileren datak.