Inauteri konpartsa berezia ari da prestatzen Sustraiak dantza taldea
Aurten 35 urte beteko ditu Inauteri igandean herritarren laguntzarekin kaleratzen duen konpartsak. Dantzak ikasteko entseguak asteazkenetan eta larunbatetan dira. Martxoaren 2an izango da konpartsa.
Ospakizunen urtea da 2025a Sustraiak dantza taldearentzat, bere sorreraren 50 urte betetzen dituelako. Hori gutxi balitz, taldeak inauteri igandean kaleratzen duen konpartsak 35 urte beteko ditu, eta hori ospatzeko, berezia izango da aurten, orain arte egin dituzten konpartsa guztien nahasketa bat izango delako.
Herritarren laguntzarekin kaleratzen dute inauterietako konpartsa Sustraiak taldeko dantzariek, eta egun horretan egingo dituzten dantzak ikasteko entseguak aspaldi hasita daude. Asteazken iluntzetan eta larunbat arratsaldetan elkartzen dira, taldeak Kultur Etxearen ondoan duten lokalean.
Aurten martxoaren 2an da inauteri igandea.