Legorretako Udalak 2,2 milioi euro pasako aurrekontua du aurten
Iazkoa baino %2,52 txikiagoa da 2025ari dagokiona. EH Bilduren aldeko botoekin onartu da. EAJk aurka bozkatu du.
Urteko azken osoko bilkuran, abenduaren 18an, onartu zuen Legorretako Udalak 2025eko udal aurrekontua, EH Bilduren aldeko bost botoekin. EAJk aurka bozkatu zuen. Honela, 2.2023.869,50 euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino %2,52 txikiagoa.
Iñaki Agirre alkatearen arabera, sarrera arruntak %3,16 igo dira, zerga eta tasen igoerengatik, eta batez ere, foru funtsetik iaz baino 56.312 euro gehiago jasoko direlako. «Hala ere, sarrera arruntak igotzea aurreikusten den arren, aurrekontua %2,52 txikiagoa izango da». Jaitsiera horren arrazoia azaldu du alkateak: «Iazko urtean aurrekontuak egiteko garaian bi diru laguntzen ebazpena jasota zegoelako da: osasun etxea berritzeko 53.000 euro eta zahartze osasuntsuak bermatzeko proiektuak garatzeko 71.605 euro».
Gastuei dagokienean, «pertsonal gastuetan %5,84ko igoera» izango da, «datorren urteko soldata igoera eta belaunaldi erreleboak eragingo duen gastua kontuan izan direlako». Gastu arruntak aurrekontuaren %41,03 hartuko du: «Udalarentzat garrantzitsuak diren» lehen mailako gizarte laguntzak (102.500 euro), eguneko arreta zerbitzua (49.000 euro), Herria Bidelagun egitasmoa (28.000 euro), kultur ekintzak (102.000 euro) eta berdintasun alorrean burutzen diren ekintzak (34.500 euro).
Gastuen zati handi bat, %16,6 udalaz gaindiko erakundeetara, «herriko eragile desberdinetara, euskarazko hedabideetara eta abarretara» bideratuko da.
Inbertsioak
Inbertsioetara 147.229 euro bideratuko dituzte. Ekipamenduen hobekuntzarako erabiliko dituzte: Harripila kiroldegia eraberritzea, haur parkea egokitzea eta eskolako leihoak aldatzea aurreikusten dituzte. Abenduaren 13an udalak 203.200 eurotan erosi zuen apaiz etxearen harira, ekipamenduen azterketa egitea izango da udalaren helburuetako bat, «herritarrekin batera beharrak identifikatu eta norabide bateratu bat adosteko».
Herri bideak konpondu (12.000 euro) eta armarri berriak (2.000 euro) ekarriko dituen aldaketetarako ere, aurreikusi dituzte diru partidak.
Proiektuen jarraipena
Bestalde, dagoeneko martxan dauden proiektuekin ere jarraituko dute: «Hapo-a, Harrera plana martxan jarri, etxebizitza azterketa bukatu eta emandako emaitzekin bide orria marrazteaz gain, irisgarritasun plana burutu»
EAJko udal taldeak ezezkoa eman dio 2025eko udal aurrekontuari. Prentsa oharrean azaldu dutenez, «2023ko hauteskundeetarako EAJren programak hamar proposamen jasotzen zituen eta hamar horietatik, hiru dira, egungo eta etorkizuneko herria hobetzeko lehentasun nagusia merezi duten proiektuak: etxebizitza, gimnasioa eta N-1 errepide zaharraren bulebarizazioa». 2025eko udal aurrekontuan «hiru horietatik bakar bat bera ere agertzen» ez denez, «EAJ ezezkoa ematera behartuta ikusi da».
Etxebizitza politika «ausarta»
Etxebizitzaren alorrean, EAJren ustez, «herriko gazteek bereziki, etxebizitza politika ausarta behar dute, beren bizi-proiektua herrian bertan gauzatu ahal izateko baina ahaztu gabe ere, irisgarritasun arazoengatik edota familiaren gorabeheragatik, etxebizitza aldatu beharra dutenak eta, ez dugu inongo asmorik ikusten EH Bilduren aldetik, gai honi heltzeko, ez oraingo agintaldian, ez eta agintean daramaten 17 urteetan».
Gimnasioaren gaian, udalak «ere ez du inongo asmorik ezer egiteko. Legorretako gazteak nahiz Ordizia-Beasain-Tolosa nahiz Ikaztegietako gimnasiora joatera behartuak daude, hitz politak kenduta, ez delako ezer egiten».
N-1 errepide zaharra
N-1 errepide zaharraren bulebarizazioa ere eskatzen dute. «Datozen hamarkadetarako baliagarri izango den proiektu urbanistikoa jorratu beharko da, Aldapa-Handiko goi partetik hasi eta paper fabrikako zubiraino errepidea egungo eta etorkizunerako beharretara egokituz, espaloiak oinezkoentzat, aparkalekuak, bidegorria…. Eta horretarako, ezinbestekoa da, Aldundiarekin elkarlanean, ibaiaz bestalde, saihesbide berria egitea, Arizpe eta Allegi eremutik paper fabrikaraino iritsiz eta aukera honetaz baliatu, pasoko trafikoa eta kamioiak kanporatzeko»