Enirio-Aralar Mankomunitateak 2024ko lanen balorazioa egin du
Aska berriak, bide konponketak, leize garbiketak, itxitura berriak eta landaketak izan dira, besteak beste, egindako lanik nabarmenenak.
2024. urtea amaitu berri den honetan, egindako lanen balorazioa publiko egin du Enirio-Aralar Mankomunitateak. Aska berriak, bide konponketak, leize garbiketak, itxitura berriak eta landaketak izan dira, besteak beste, egindako lanik nabarmenenak. “Askotarikoak izan dira egindako lanak”, adierazi du.
Uraren kudeaketa eta landaketak
Mankomunitateak bere kabuz sustatutako lanen artean “nabarmenena” Alotza inguruan ur kudeaketa hobetu eta ganadu pilaketak saihesteko helburuarekin bost aska berri eraiki direla izan da. “Gainera, Elutseta inguruan ur puntu berri bat sortzeko hoditeria berriak sartu dira bertaraino. Honez gain, Alotza II ondoan gizaki zein animalientzat arriskutsuak ziren zulo handi batzuk zeuden eta arriskua ekiditeko itxitura berria egin da zuloen inguruan”.
Aurreko urtean izandako sutearen ondorioz Otadi inguruak “oso kaltetuta” gelditu zirela dio mankomunitateak. “Eremu horren egoera hobetzeko pago landaketa berria egin da bere itxituraz babestuta”.
Leize garbiketak
Azken urteetako lanari jarraituz, leize garbiketa berria antolatu zen Oiduiko leizean. “Boluntarioak bertaratu eta zabor pila handiak aurkitzeaz gain, amiantoa topatu zuten eta lanak bertan behera utzi behar izan ziren arazoak eskatzen duen protokoloa abiatu ahal izateko”.
Goilarre programari lotuta
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Goilarre programaren barruan, berriz, beste hainbat lan egin ditu mankomunitateak. Esaterako, Ataun aldeko eta Amezketa aldeko bideen konponketak egin ditu. “Ataun aldeko sarrerari dagokionez, Errekabeltz inguruak, Napariturri inguruak, Goroskintxuko puntu zakarra edota hainbat txaboletako sarrerak egokitzeko lanak egin dira. Amezketa aldeko sarreraren kasuan berriz, Malloako langarainoko bidea osorik egokitu da eta jarraian urak gehien erasaten zituen zatietako hiru hormigoitu dira.
Bestetik, hainbat larre eremutan sastraka garbiketak ere egin ditu. Errekabeltz inguruetatik hasi eta Doniturrieta, Beaskin eta Igaratza inguruetaraino egin ditu garbiketak. “Mosaiko eran egin dira, paisaia orekatu bat lortu eta modu bateratuan abeltzaintza eta biodibertsitatea biak mesedetzeko helburuarekin. Guztira 55 hektareatan egin dira lanak”.
Honez gain, beste hainbat lan egiteko materialak ere erosi dira eta artzain eta ganaduzaleek auzolanean egin dituzte lanak: Atajuko harrapalekua, Esnaurretako harrapalekua, Elutsetako eskortak, txaboletako bateriak…
Saguzarrentzako babes-kutxak
“Aralarko kiropteroak (saguzarrak) kontserbatzeak duen garrantzia” kontutan hartuta, basoko saguzarrei laguntzeko 20 babes-kutxa jarri ditu Lareo inguruko zuhaitzetan, Eusko Jaurlaritzako laguntzari esker.
Sarnaren aurkako neurriak
Sarnaren aurka egin den lanketa egindako lana ere nabarmendu du, “pisu handia” izan duena. Artzainek gaixotasun horrekin arazo handia zutela helarazi ondoren, mankomunitateak albaitari bat kontratatu zuen, eta artzainekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko nekazaritza sailarekin batera sarnaren aurkako plan bat adostu zuen. “Plan honen barruan, Enirio-Aralar Mankomunitateko larreak erabiltzen dituzten ardi guztiak bi aldiz tratatu dira eta artzainen esanetan asko hobetu da egoera”.