Ilargi Aristondorentzat 2025eko Barandiaran Beka
Ilargi Aristondo Merinok (Oiartzun, 1996) eskuratu du 2025eko Barandiaran Beka, 'Euskal Pirinioetako Suaren paisaia: etnografia kolaboratiboa antropozenoan' proiektuarengatik.
Abenduaren 23an elkartu zen epaimahaia 2025ko deialdira aurkeztutako lanen inguruko gogoeta egiteko eta aho batez eman zioten Ilargi Aristondori Barandiaran Beka Euskal Pirinioetako Suaren paisaia: etnografia kolaboratiboa antropozenoan proiektuarengatik.
Aristondok egingo du landa lanaren zatirik handiena, baita bibliografiaren errebisioa ere; Olatz Gonzalez Abrisketak izango du atzetik, gidari lanak egiten.
Landa eremua ikertzen duen EHUko Antropologiako doktoregai honek horrela definitu du bere lana: “Azken ikerketan zeharka atera zen gaia izan zen mendiko suteena eta oraingo honetan, sakonki aztertzeko tartea eskaini nahi diot. Horretarako, idatzizko eta ikusizko etnografiaren bitartez ertz anitzeko problematika honi heldu nahi diot, laborari eta administrazioen arteko harremanetan ez ezik, paisaia eraikitzen duten bestelako agenteetan ere arreta jarriz. Ikerketa euskal Pirinioan kokatuko da, mugaren bi aldeetan. Hain zuzen, ikerketaren helburuetako bat ere badelako suteen kudeaketan administrazioen praktiken jarraipena egitea, eta horrela, horiek paisaia kulturalean duten eragina aztertzea”.
Barandiaran Beka eskuratzeari dagokionez, honakoa esan du: “Euskal antropologian murgildua dagoen edonorentzat da erreferente garrantzitsua Barandiaran. Hori dela eta, Barandiaran fundazioaren beka jasotzeak duen balioa ikaragarria da niretzat. Garrantzitsua iruditzen zait aitzindariek jarritako oinarrien gainean lanean jarraitzea, gaiak gaurkotu eta egungo perspektibatik haiekin dialogoan jarraitzea. Aberasgarria da zubi lan horiek egiten jarraitzea, eta paraleloki etorkizunerako bide berriak eraikitzea. Hori guztia dela eta, asko pozten nau Barandiaran fundazioak eskainitako aukerak”.