'La guitarra flamenca de Yerai Cortes', Goieniz zineklubaren urteko lehen filma
Anton Alvarezek zuzendutako filmak Yerai Cortesen bizitza eta musika ibilbidea kontatzen du. Bihar da emanaldia Usurbe antzokian, 20:15ean.
Espainian ondutako film batekin emango dio hasiera Goieniz zineklubak 2025eko programazioari. La guitarra flamenca de Yerai Cortes filma Anton Alvarez madrildarrak zuzendu du –C. Tangana izan da haren izen artistikoa orain arte–, eta Yerai Cortes musikari gaztearen bizitza eta musika ibilbidea ditu ardatz. Beasaingo Usurbe antzokian da emanaldia bihar, hilak 14, 20:15ean.
Sinopsia
Anton Alvarezek –C.Tanganak– Yerai Cortes ezagutu zuenean, erabat liluratuta geratu zen bere talentuarekin eta bere familia-historiarekin. Flamenkoaren barruan ezohikoa da Yerai; ijito tradizionalistenek eta bera partaide den olatu berriko artista abangoardistek errespetatzen dute. Elkarrekin bidaia bat egitea erabakitzen dute, abestiak pena handi batek markatzen dituen disko bat grabatzeko. Bertan, prozesu artistikoak berak iraganarekin aurrez aurre jartzen du eta familiarteko sekretu bat esploratzera bultzatzen du, horren bidez gurasoekiko harremana berrantolatzen saiatuz. Emaitza pasio, maitasun eta barkamen istorio batean murgiltzeko esperientzia musikal paregabea garatzen duen filma da.